Akordiorik gabe bukatu da enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen negoziaketa. Zuzendaritzak lan gatazka konpontzeko inolako borondaterik ez duela salatu du enpresa batzordeak.
Asteartean burutu da enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteari buruzko azken bilera, Tubacexeko zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen artean. Multinazionalak irailaren 11n bertan aplikatu nahi du espediente berria. Hau abenduaren 30era arte luzatuko da eta %70eko eragina izango du. Langileen ordezkariek proposamen bateratua aurkeztu zuten negoziaketa prozesuan: nahitaezko kaleratzeak albo batera uztea, Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitea erretiratzea eta 2024ra arte enplegua mantentzeko konpromisoa hartzea, azpikontratazeari uko eginez. Langileek, euren aldetik, uko egingo liokete ere lan-hitzarmenean adostutako enplegua sortzeko konpromisoari. Proposamena onartuz gero, enpresa batzordeak oniritzia emango lioke Tubacexek aplikatu nahi duen enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteari.
Multinazionalak ezezko borobila eman zion sindikatuen proposamenari, argudiatuta ez dutela zer ikusirik 210 egunez luzatu den lan gatazkak eta espediente berriaren negoziaketak. Gaurko bileran berretsi egin du bere jarrera sindikatuen akordio proposamena xantaiatzat joz.
Langileen ordezkariek azaldu dute, hain zuzen ere, lan gatazkaren konponbidea izan daitekeela enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea, baldin eta neurri estruktural ez-traumatikoez laguntzen baldin bada, hots, kaleratzeak erretiratzen badira.
Gauzak horrela, akordiorik gabe bukatu da azken negoziaketa. Tubacexek espediente berria aplikatuko du etzi, eta beharginek grebarekin eta mobilizazioekin jarraituko dute: "Plantillaren etorkizuna bermatuko duen akordio bat bilatzeko lanean".
Bien bitartean auzitegietara joko dute berriro irailaren 20 eta 27an. Izan ere, multinazionalak uko egin zion langileen opor egunak errespetatzeari.