argia.eus
INPRIMATU
Tubacexek 700.000 euro aurreztu ditu hilero Aldi Baterako Lan Espedientearekin
  • Ostegunean bilduko dira berriz zuzendaritza eta langileen ordezkariak Aldi Baterako Lan Espediente berria negoziatzen jarraitzeko.

Txabi Alvarado BaƱares Aiaraldea @aiaraldea 2020ko urriaren 22a
Mobilizazio jendetsua egin zuten Tubacexeko langileek iragan ostiralean Amurrion (Argazkia: Aiaraldea.eus)

Bilera egin zuten asteartean enpresa batzordeak eta Tubacexeko zuzendaritzak, azken honek ezarri nahi duen Aldi Baterako Lan Espediente (ABLE) berriaren inguruan hitz egiteko. Tentsio handia egon zen topaketan. “Sindikatuok gure ezinegona helarazi ostean zuzendaritzako kideak karpeta itxi eta joan ziren, inolako komentariorik egin gabe”, azaldu du ELAko sail sindikalak ohar batean.

Langileen ordezkariek hainbat gauza jarri zituzten mahai gainean. Euren ustez, ez du zentzurik zuzendaritzak planteatzen duen espediente berrian lanaldia %80 murriztea ahalbidetzeak, orain indarrean dagoenak %60a ahalbidetzen duenean gehien jota, eta enpresa ez denean jarduna horrenbeste txikitzera iritsi. Izan ere, zuzendaritzak berak bileran aipatu zuen TTI lantegiko erregulazioa %51koa izaten ari da bataz beste (Aceralavan oraindik ez omen dute kalkulua egin).

Gainera, eskari garrantzitsu bat sartu berri dela aitortu zuen enpresak, ELAk azaldu duenez. “Espedientearen txostena zuzendaritzak egiten dituen aurreikuspenetan oinarritua dago soilik, ez dira kanpoko iritziak biltzeaz arduratu”, kritikatu dute.

700.000 euro hilero

Adostasunik erdiesterik zan ez zuten arren, datu esanguratsu bat lortu zuten sindikatuek zuzendaritzaren partetik: “Orain indarren dagoen ABLEak zenbateko aurrezpena ekarri duen galdetu diegu berriz, eta azkenean erantzun digute: 700.000 euro hilean”.

Ostegunean berriz bilduko dira bi aldeak espedientea negoziatzen jarraitzeko. Azaroaren amaituko da orain indarrean dagoen ABLEa, eta jarraian ezarri nahi du zuzendaritzak hurrengoa.