argia.eus
INPRIMATU
Tubacexek 129 beharginei lanera bueltatzea debekatu die, Auzitegi Nagusiaren epaiaren kontra
  • Langile batzordeak epaia betetzeko eta beharginak berriro onartzeko eskatu dio enpresari. Manifestazioa antolatu dute asteazkenean Laudion zuzendaritzaren erabakia salatzeko.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 14a
Tubacexeko langileek kaleratze kolektiboen aurka martxoan Laudion egindako manifestazioa. Argazkia: LAB

Tubacexeko zuzendaritzak erabaki du kaleratutako 129 langileak ez dituela berriz onartuko. Amurrioko eta Laudioko lantegietako beharginek soldata kobratzen jarraituko dute, baina ez diete utziko lanera bueltatzen. Enpresa Batzordearekin asteartean izandako bileran zuzendaritzak adierazi du ez duela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia beteko.

Langileak Enplegu Erregulazio Espedientean (EEE) izan ditu enpresak orain arte; Auzitegi Nagusiak berriro onartu behar dituela ebatzi du bi epaitan. Tubacexeko zuzendaritzak, halere, erabakiaren kontra jardungo du, eta Espainiako Auzitegi Gorenean errekurtsoa aurkeztuko du, enplegu erregulazioaren aldeko epaitza jasotzeko asmoz. 

Aiaraldeko langileek 150 egun baino gehiago daramatzate greban kaleratze kolektiboa salatzeko. Astearteko bilera “galdutako aukeratzat” jo dute, eta adierazi dute ez dutela greba utziko tribunalek emandako epaia guztiz bete arte. Berria hedabideak Arabako bi enpresetako agirietan esaten dena jaso du. Bertan, 129 beharginak aurreko baldintza berdinetan onartzeko eskatu diote Tubacexi, eta kontratuak eten zirenetik jasotzeko dituzten soldaten ordainketa egiteko galdegin diete.

Langile batzordea gaur bilduko da erabakiak hartzeko eta hemendik aurrerako bide-orria markatzeko. Arratsaldeko 18:30etan, manifestazioa egingo dute Laudion, eta parte-hartzeko deia zabaldu diete herritarrei ere.

ITP Aero kasua 

ITP Aero PCB aeronautika enpresak maiatzean bizitako egoera berean daude Tubacexeko langileak. Barakaldoko eta Sestaoko lantegietako 87 behargin enplegu erregulazioan jarri zituen enpresak, baina epaitegiek indargabetu egin zuten erregulazioa, langileak berriro hartzeko sententzia emanez. Zuzendaritzak, ordea, ez zien lanera bueltatzen utzi.

PCBk zein Tubacexek arrazoi bera argudiatu zuten kaleratzeak justifikatzeko: “egiturazko” galera ekonomikoak zituztela esan zuten.  Auzitegiek, berriz, sindikatuei eman zieten arrazoia, pandemiak eta ekoizpenaren murrizketak eragindako egoera puntuala zela argudiatuz.