Ekainaren 21ean TTI enpresako kaleratzeen epaiketa egingo da eta hurrengo egunean Aceralavakoa.
Bilboko epaitegiek hartuko dituzte ekainean Tubacex taldeko kaleratzeek eragindako epaiketak. Printzipioz, TTI enpresako espedientea epaituko da hilaren 21ean eta hurrengo egunean, aldiz, Aceralavakoa landuko du epaileak.
Data garrantzitsuak dira, duda gabe, lan gatazkaren norabidea aldatu dezaketelako. Baina, printzipioz, aintzat hartu beharra dago epe motzean ez dutela zertan eraginik izan greban.
Ostiralean gainditu zuten Tubacexeko langileek 100 eguneko lanuztea, baina sindikatuek zein enpresak iragarri dute helegitea jarriko dutela epaia euren interesen kontrakoa bada. Hortaz, kaleratzeen ibilbidea zenbait hilabetez luzatu daiteke oraindik esparru legalean.
Epaiketek bat egingo dute denboran multinazionalaren akziodunen batzarrarekin. Iragan astean iragarri zuen zuzendaritzak ekainaren 23an duela bilera hori egiteko asmoa.