argia.eus
INPRIMATU
Tubacex enpresako zuzendaritzaren mehatxuak greba apurtzeko saiakeratzat jo ditu langile batzordeak
  • Asteartean Tubacex taldeko zuzendaritzak oharra plazaratu zuen adierazteko grebaren jarraipenak zalantzan jartzen dituela Aiaraldeko lantegiak. Asteazkenean langile batzordeko presidenteak azaldu zuen enpresa saiatzen ari dela grebalariak izutzen, protestarekin amaitzeko.

Aitor Aspuru Saez Aiaraldea @aiaraldea 2021eko ekainaren 04a
Asteazkenean hedabideekin mintzatu zen Edu Ibernia Laudioko manifestazioan. Argazkia: Aiaraldea.eus

Asteazkenean milaka lagun atera ziren kalera Aiaraldeko egoera sozioekonomikoa larria dela salatzeko. Aukera baliatu zuen Aiaraldea Hedabideak eta Edu Ibernia Tubacex enpresako langile batzordearen presidentearekin hitz egin zuen.

Izan ere, asteartean oharra kaleratu zuen Tubacex taldeko zuzendaritzak aipatzeko grebaren jarraipenak kolokan jartzen duela eskualdeko fabriken etorkizuna. Sindikatuek enpresaren proposamenari emandako ezezkoan zegoen adierazpen horren jatorria.

Iberniak erantzun zuen mehatxu horiek konpainiaren estrategiaren barruan daudela, greba apurtzeko. Enpresa Batzordeko presidentearen aburuz, ekainean izango diren epaiketak ekidin nahi ditu zuzendaritzak, eta 110 eguneko lanuztea gainditu dela baliatu nahi izan du horretarako, urduritasuna eta tentsioa sortuz. 

Halaber, ELAko ordezkaria oso kritikoa izan zen zuzendariek aipatutako beste elementu batekin. Berez, Tubacexeko arduradunek leporatu zieten sindikatuei grebaren jarraipena ez eztabaidatzea langileekin. "Sindikatu guztiok eztabaidatu dugu zuzendaritzaren eskaintza eta guztiok esan diogu ezetz aho batez. Horretan adostasun osoa egon da eta norberak bere afiliatuekin partekatu du erabakia. Zuzendaritzak hartu beharko lituzke bere gain dauden ardurak, eta ez sindikatuenak. Izan ere, berak nahi izanez gero, greba amaitu daiteke, kaleratzeak bertan behera uzten badituzte. Oso erraza da".