argia.eus
INPRIMATU
Tubacex enpresako zuzendaritzak sarrera ordua aurreratu du piketeak ekiditeko
  • 08:00ak aldera sartu da autobusa lantegietan greba hasi zenetik, baina asteartean 06:00ak aldera bertaratu da Laudiora eta 07:10ean Amurriora. Eskualdeko hainbat enpresetako langileak zeuden deituta piketeetara, Tubos Reunidosekoak, besteak beste. Zuzendaritzak eta sindikatuek bilera dute eta langile ugari sartu dira fabrikan euren aldarrikapenak zabaltzeko, baina 11:00ak aldera bere kabuz atera dira.

Aitor Aspuru Saez Aiaraldea @aiaraldea 2021eko martxoaren 03a
Argazkia: Aiaraldea

Asteartean 10:30ean bilera hasi dute Tubacex enpresako langile batzordeak eta zuzendaritzak negoziatzen jarraitzeko. Izan ere, hodiak ekoizten duen taldeak eskualdeko 150 langile kaleratzeko asmoari eutsi dio.

10:20ean hainbat langile sartu dira fabrikan sindikatuen ordezkariekin, kaleratzeen zein murrizketen kontrako aldarria presente egon dadin. Kanpoan ere hainbat behargin bildu dira eta Ertzaintza ere bertaratu da, baina ez da arazorik egon, langileak bere kabuz atera baitira.

Edonola ere, goiza ezusteekin hasi da, zuzendaritzako kideak eta bulegoko langileak eramaten dituen autobusa ez baita agertu lantegietan ohiko orduan. Greba hasi zenetik 08:00ak aldera sartu da eta asteartean, ordea, 06:00etan bertaratu da Laudion eta 07:10ak aldera Amurrion. Modu horretan, pikete jendetsuak ekidin dituzte.

Gogoratu beharra dago pasa den asteartean istiluak egon zirela langileen protestetan eta, berez, asteartean Aiaraldeko hainbat enpresa batzorde batu direla piketeetara, Tubos Reunidosekoa besteak beste. Amurrioko lantegiko ehundik gora behargin batu dira 07:45ean Eroskiko aparkalekuan, eta bertatik joan dira fabrikaren sarreraraino. 

Negoziazioen azken txanpa

Martxoa izango da, printzipioz, udan hasitako prozesu luzearen amaiera. Izan ere, martxoaren 10ean argitu behar du behingoz Tubacex taldeko zuzendaritzak zein den bere planteamendua.

Hori baino lehen, gutxienez, hiru bilera gehiago izango dituzte zuzendaritzako kideek eta langile batzordekoek; asteartean, ostegunean eta hurrengo asteartean.

Envases eta Tubos Reunidoseko langileen elkartasuna

Greba mugagabearen 21. eguna izan dute asteazkenean Tubacexeko langileek. Envases eta Tubos Reunidos lantegietako beharginak bertaratu dira Laudioko lantegiko sarrerara, greban dauden langileei elkartasuna adieraztera.