Tubacex enpresak Laudion duen lantegiko mantenuko beharginek testua zabaldu dute jakinarazteko euren lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla. Alde batetik, zuzendaritzak zigor mehatxuak baliatzen ditu eta, bestetik, gero eta gutxiago dira eta euren baliabideak urritzen ari dira.
Tubacex taldeko TTI enpresako mantenuko sailean aritzen diren beharginak batu dira adierazpen publikoa egiteko. Laudioko lantegiko beharginek salatu dutenez, zuzendaritza hasi da 'kontaktu aktak' sistematikoki egiten atal horretako langileen aurka. Eurek argitu dutenez, berez, akta horiek astungarri moduan baliatu daitezke, falta bat gertatuz gero.
Beharginen ustez, mantenuko ofizialen eta langileen artean komunikazio arazo larria dago eta ezbeharren bat jazotzen den bakoitzean, ofizialek aktak bidaltzeari ekiten diote, langileekin eurekin hitz egin ordez.
Mantenuan aritzen den kolektiboak azpimarratu du bere kideak profesionalak direla: “Ez diogu inori utziko hori zalantzan jartzen. Talde bat gara eta talde moduan erantzuten dugu, gure buruzagiek ez bezala”.
Hain zuzen, atal horretan lan egiten dutenek kritikatu dute zuzendaritzak ateak itxi dizkiola barne promozioari eta kanpoko jendea kontratatu duela ofizial ardurak hartzeko. “Kudeatzaileek ez dituzte ez makinak ez langileak ezagutzen” gaineratu dute.
Bide batez, zigorrak ez dira ezezagunak atal horretan, 2020an mantenuko langile bat zigortu baitzuen enpresak, 60 egunez soldata gabe utzita.
Istripuak eta produktibitatea
Langileen aburuz, zigor mehatxuen helburua da ekoizpena handitzea, langileen kalterako. Zentzu horretan, gogoratu dute euren atala dela lan istripu gehien duena eta ezin dela ahaztu 2019an 25 urteko behargina hil zela TTIko azpiegituretan, mantenu lanetan ari zenean.
Denboren estandarizazioa eta manipulazioa
Mantenu ataleko kolektiboak aipatu du enpresaren helburuetako bat dela lanen denborak estandarizatzea, eta aurka ez badaude ere, nabarmendu dute konponketa oso ezberdinak egiten dituztela eta zaila dela hori finkatzea. Gainera, ataleko agintariei leporatu diete erreporteak aldatzea, ofizialek jasotako denborak gogoko ez dituztenean.
Horri guztiari langileek gehitu diote aspaldiko kexa: makineria zaharkitu dela eta konponketak egiteko ordezko piezak eta tresnak gero eta urriagoak direla. Horrek eragiten du esku hartzeen denboretan eta istripuak izateko arriskuan.
Murrizketak mantenuan
Azkenik, langileen iritziz, egungo egoera aspaldi hasitako prozesuaren emaitza da: langile gutxiago daude, eta beste atal batzuek ez bezala, ez daukate koordinatzailerik. Halaber, kanpoko azpikontratazioak arruntak bilakatu dira bajak edo oporrak betetzeko, euren ustez, “legez kontrakoa dena”.
Hori guzti hori aintzat hartuta, mantenuko kolektiboak eskatu dio Langile Batzordeari ez ohiko bilera proposatzea zuzendaritzari euren egoera lantzeko.