argia.eus
INPRIMATU
Tubacexeko langileek mobilizazioak deitu dituzte ostegunean eta ostiralean
  • Tubacex enpresaren Amurrioko eta Laudioko lantegietan 150 pertsona kaleratuko dituzte eta langileek greba deialdia egin dute ostegun eta ostiralerako. Greba mugagabea izateko aukera dagoela adierazi dute eta ostegun arratsalderako manifestazioa deitu dute Laudion.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko otsailaren 10
Argazkia: ELA

Tubacex enpresak Amurrion eta Laudion dituen lantegietan 150 pertsona kaleratzeko prozesua dela eta, langileek ostegunean eta ostiralean greba egingo dute. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, datorren astean greba mugagabe egiteko aukera aztertzen ari dira.

Ostegunean lehen greba eguna egingo dute eta Laudioko lantegitik abiatuko den manifestazioa deitu dute arratsaldeko 18:00tan.

ELA kaleratze horien aurka agertu da ohar baten bidez: “Uste dugu enpresak behin behineko egoera bat baliatu nahi duela kaleratzeak arrazoitzeko, COVID-19rena, hain zuzen ere”. Horrez gain, “xantaia” egitea leporatu diote “langileen soldata jaisten zela edo 150 kaleratze egingo zituela esanez”. 2019an, osasun krisiaren aurretik, enpresak akziodunen artean sei miloi euro banatu zituela gogorarazi du sindikatuak.

Enpresari, bere akziodunei eta besteak beste Lakuako Gobernuari, “kaleratze erregulazioko espedientea kentzea eta Tubacexeko langile guztientzako plan industrial bat egitea” eskatu diete.