argia.eus
INPRIMATU
Tubacex bi hilabetez borrokan
  • Bi hilabete daramatzate greban Tubacexeko langileek. Bilbon egindako manifestazioan salatu dute pandemiaren ondorioz sorturiko krisi koiunturala baliatu nahi izan dutela langileak kaleratzeko.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 12a
Bilboko manifestazioa. Argazkia: Ecuador Etxea

Tubacex borrokan plataformako kideek Bilbon antolatutako manifestazioan 2.000 lagunetik gora elkartu dira apirilaren 11n. Langileek irakurri duten manifestuan eskerrak eman dituzte: “Eskerrak gaur hemen gauden guztioi, Tubacexeko langile plantilla guztiari, erakusten dugun batasun eta indarragatik, eskualdeko eta Euskadiko gainerako enpresei, bide honetan ondoan zaituztegulako, Aiaraldea eskualdeari (elkarteak, ostalariak, saltokiak…) egunez egun ematen diguzuen elkartasunagatik, eta oro har euskal gizarte osoari”. “Elkartasunez eta adiskidetasunez” betetako 60 egun izan direla esan dute langileek. 

Argi utzi dute borrokan jarraitzeko asmoa dutela eta helburua egoerari buelta ematea eta “zero kaleratze” lortzea dela. “Borroka honen amaiera mahai gainean kaleratze bakar bat ere ez dagoenean etorriko da”, borrokarik gabe garaipenik ez dagoela gogorarazi nahi izan du Tubacex borrokan plataformak. Zuzendaritzak egoeraren erantzule egin nahi dituztela ere salatu dute langileek. “Tubacexen ez dagoelako inor soberan!”, esaldiarekin bukatu dute manifestuaren irakurketa.

Eusko Jaurlaritza eta alderdi politikoak patronalaren bozeramaileak baino ez direla salatu du plataformak. Eusko Jaurlaritzaren babes gehiago eskatu dute: “Ezin da izan Eusko Jaurlaritzaren egiteko bakarra, ezin gaitu langileok ahaztu, urte luzez gure herria aberastu dugun langileok”. Alderdi politiko guztiek ere langilearekiko betebehar bat daukatela azpimarratu dute. “Tubacexen etorkizunaren alde egiten dugulako, ez dugu normaltasunera bueltatzeko beste modurik ikusten”, adierazi dute langileek.