argia.eus
INPRIMATU
TTIPen negoziazioei oniritzia eman dio Europako Legebiltzarrak
  • Europako Legebiltzarrak EB eta AEBen arteko merkataritza eta inbertsio hitzarmenari (TTIP) buruzko erabakia onartu du Estrasburgon egingo den saioan. Hala, gauzatu egin da ekainean bertan behera utzitako bozketa.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko uztailaren 07a
TTIPek aurreikusten dituen ISDS ebazpen-auzitegiak izan dira orain arteko desadostasunen jatorri nagusia.

Aurreikusita zegoen ekainaren 10ean bozkatzea TTIPen gaineko erresoluzioa, baina Martin Schulz Legebiltzarreko presidenteak bozketa sine die atzeratu zuen, adostasun falta zela eta. Emandako argudioa izan zen jatorrizko testuari aurkeztutako zuzenketa kopurua handiegia zela, 200 inguru.

Aldiz, TTIPen aurka dauden talde politikoen eustez Schulzek hitzarmenaren aldeko jarrera nagusi izango zela ziurtatu nahi zuen, eta hori ez zegoen batere garbi ekainaren 10ean. Askok antidemokratikotzat jo zuten presidentearen erabakia, araudiaren barrukoa izan arren.

Auzitegi pribatuak enpresa handientzat

Desadostasunaren muina hitzarmen transatlantikoan aurreikusita dauden ISDS motako auzitegiak dira. Haien bitartez, atzerriko konpainia batek estatu edo eskualde baten kontrako salaketa jar dezake, hark onartutako legediak kalte egin diola –irabaziak gutxitzea izan daiteke kalte bat– uste badu.

TTIPen aurkariek auzitegi pribatutzat jotzen dituzte, ohiko justizia administrazioari izkin egiteko aukera ematen baitiete konpainia handiei.

Hasiera batean, talde sozialdemokratako kide asko ez ziren ados agertu TTIP barruan ebazpen-auzitegi horiei eman nahi zitzaien formarekin. “TTIP nahi dugu, baina ISDS pribaturik gabe”, adierazi zuten sozialdemokraten bozeramale batzuek. Haien ezezkoak kolokan jarri zuen erresoluzioa onartzea.

Sozialdemokraten jarrera aldaketa

Azkenik, sozialdemokratentzat nahikoak izan dira Europako Batzordeak egindako promesak. Hain zuzen ere, ISDSetan zenbait aldaketa ezartzeko konpromisoa agertu zien Batzordeak, funtsean auzitegiaren izaera eraldatzen ez dutenak baina, nonbait, ahots kritikoak apaltzeko balio izan dutenak.

Aldaketa nagusiak bi dira: batetik, auzitegia epaileek osatzea, eta ez ebazleek; alde nagusia da ebazlea edonor izan daitekeela, zuzenbidean aditua izan edo ez. Bestetik, aukera egongo litzateke auzitegien ebazpenen aurka helegitea aurkezteko, hasiera bateko aurreikuspenetan ez bezala.    

Legebiltzarrak onartuko duen erresoluzioa, teorian, Europako Batzordeak AEBekin negoziatzeko garaian kontuan hartu beharreko irizpide sorta bat da. Euskal Herrian TTIPari ez! kanpainako Jose Ramon Mariñoren arabera, horrek ez dio baldintza esturik ezarriko europar talde negoziatzaileari, “erresoluzioak dioenaren %80 edonork onartzeko moduko orokorkeriak baino ez dira eta”.