argia.eus
INPRIMATU
TTIPi buruzko bozketa atzeratu dute Estrasburgon, kontsentsu eza dela eta
  • TTIP hitzarmen transatlantikoari buruzko erresoluzioaren bozketa zegoen aurreikusita ekainaren 10eko Europako Legebiltzarraren agendan, baina azken unean Parlamentuko presidenteak, Martin Schulzek, atzeratu egin du. Talde sozialdemokrataren (S&D) barruko adostasun ezak bultzatu du Schulz erabaki hori hartzera.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko ekainaren 09a
TTIPen aurkako mobilizazioa Bruselan (Arg.: Jess Hurd).

Bozketa beste egun batera eramateko –oraindik ez dute esan zein– Parlamentuak eman duen argudioa da zuzenketa kopuru handiegia aurkeztu dela: 200 baino gehiago. Hein handi batean sozialisten artean dagoen zatiketaren ispilua da kopuru hori.

Euroganberako ezkerreko taldeen eta TTIPen aurka ari diren gizarte zibileko eragileen ustez, atzerapena euren borrokaren emaitza izan da. “Koalizio Handiaren barneko zatiketa mobilizazio sozial eta politiko handiaren ondorioa da”, uste du Berdeen taldeko Florent Marcellesik. Gogoratu behar da hitzarmenaren negoziazioak etetearen aldeko bi milioi sinadura lortu direla honezkero.  

Marcellesiren esanetan, Martin Schulz Parlamentuko presidenteak trikimailu legal bat erabili du bozketa atzeratzeko, jakin badakielako Legebiltzarraren barruan ez dagoela ziurtatuta ISDS auzitegien aldeko gehiengorik, ez eta, oro har, TTIPen aldekorik.

Itunarekiko jarrera argi dute talde popularrak (alde) eta nola ezkerrak hala ultraeskuinak (aurka, arrazoi berengatik ez bada ere). Gakoa sozialdemokratak dira. Duela zenbait aste Parlamentuko batzordeetan TTIPez eztabaidatzen hasi zenetik, ez da batere garbi egon haien jarrera zein izango den.

Azkenik, adostasunik lortu gabe iritsi dira bozketa egin behar zen egunera, eta ISDS auzitegiak dira, hain zuen, horren zergatia. “Nahi dugu TTIP, baina ez ISDS pribaturik”, hori da S&Dko zenbait sektoretatik zabaldu den mezua. Alta, badirudi talde bereko beste batzuentzat nahikoa izan direla Cecilia Malström komisarioaren argudioak. Europar Batasunaren talde negoziatzailea ISDSan hainbat aldaketa ezartzen saiatuko dela esan du Malströmek.

Hitzarmena kolokan?

Legebiltzarrak onartu (edo baztertu) behar duen dokumentua TTIP negoziatzeko orduan Europako Batzordeak aintzat hartu beharko duen gomendiotzat aurkeztu izan da. Euskal Herrian TTIPari ez! kanpainako Jose Ramon Mariñoren arabera, ordea, bozkatu behar den txostenak, onartuta ere, ez dio baldintza esturik ezarriko europar talde negoziatzaileari, “esaten duenaren %80 edonork onartzeko moduko orokorkeriak baitira”.

Mariñoren ustez, asteotako mugimenduak berregokitze teknikoa baizik ez dira. Horren arabera, TTIP kolokan egon daitekeela iradokitzen duten ahotsak erratuta leudeke. Zentzu horretan, G7 taldeak TTIPen alde (eta haren negoziazioak azkartzearen alde) egin berri duen adierazpena gogora ekarri du ATTACeko kideak.