argia.eus
INPRIMATU
TTIPen negoziazioa eteteko eskatuko duela esan du Frantziak
  • Frantziak EBko beste estatuei eskatuko die Europa eta AEBen arteko merkataritza askeko akordioaren (TTIP) negoziazioak eteteko, Matthias Fekl Kanpo Merkataritza estatu idazkariak RMC irratiari emandako elkarrizketan esan duenez. Haren ustez, negoziazioak ezkutukeriaz egin dira orain arte, eta horrek konfiantza falta handia eragin die herritarrei. Prozesua gelditu eta etorkizunean AEBekin bestelako negoziazio bati ekitearen alde azaldu da estatu idazkaria.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko abuztuaren 30
EB eta AEBetako negoziazio-taldeetako buruak, Bruselan.

Feklek iragarri du irail amaieran egingo duela eskaria, Europar Batasuneko kanpo merkataritza arduradunen bileran, Bratislavan. Gaur egungo klima politikoan EB eta AEBetako ordezkariek TTIP negoziatzen jarraitzea guztiz desegokitzat jo du idazkariak.

Europar Batzordeak, bestalde, esan du TTIPen negoziazioek normaltasun osoz jarraitzen dutela aurrera, eta urtea amaitu baino lehen akordioa prest izatea dela asmoa. Hala erantzun du Margaritis Schinas bozeramaileak Bruselan emandako prentsaurrekoan, Sigmar Gabriel Alemaniako Ekonomia ministroak TTIPez egindako adierazpenez galdetu diotenean. Negoziazioak de facto agortuta daudela esan zuen Gabrielek; orain arte egindako hamalau errondetan akordio bakar bat ere erdietsi ez dela zehaztu, eta horren arrazoi nagusia “europarrok amerikarren nahiei men egin nahi ez izatea” dela gaineratu zuen.

Alemania eta Frantziaren benetako asmoez mesfidati

Merkataritza askeko akordioen aurkako kanpaina dabiltzan talde batzuen ustez, bai alemaniar ministroaren adierazpenak bai Frantziak Matthias Feklen ahotik agertutako jarrera amarru hutsa izan daitezke. Estatu bietan hauteskundeak izango dira datorren urtean, eta agintariek badakite TTIPen aurkako iritziak indar handia hartu duela beren lurraldeetan.

Bestetik, Europar Batasunak eta Kanadak dagoeneko adostuta duten CETA akordioa berresteko prozesua laster jarriko da abian, eta horri emango dioten babesa oharkabean pasaraztea izan liteke frantziar eta alemaniar gobernuek TTIPen aurka egindako adierazpenen helburua, iturri horien ustez. Nabarmendu dutenez, CETA indarrean jartzea TTIP indarrean jartzearen parekoa izango litzateke funtsean.