Urriaren 6an itxi zen TTIP eta CETA merkataritza itun transatlantikoen aurkako Herritarren Europar Ekimena sinatzeko epea. Guztira 3.200.000 izenpetik gora jaso dituzte ekimenaren sustatzaileek.
TTIP, AEBen eta Europar Batasunaren arteko hitzarmena, negoziazio fasean dago oraindik. CETA, berriz, guztiz adostua dute honezkero Europak eta Kanadak; berrespena baino ez da falta.
Ituonon kontrako Herritarren Europar Ekimena 2014ko udaberrian abiarazi zuten zenbait alemaniar taldek, TTIPen negoziazioak eten eta CETA bertan behera uzteko eskatzeko. Udarako, kontinente osoko 200 elkarte inguruk adierazia zuten ekimenarekiko atxikimendua, baina asmoa okertu egin zitzaien: Europako Batzordeak uko egin zion ekimena erregistratzeari.
Bi gauza egin zuten orduan Ekimena abiarazi zutenek: Batzordearen erabakiaren aurka helegitea aurkeztu EBko Justizia Auzitegian eta, baimenik gabe bazen ere, sinadurak biltzeari ekin legeak ezarritako baldintza beretan. Hala, jasotako hiru milioiak gaur, urriaren 7an, helaraziko dizkiote Jean-Claude Junckerrek zuzendutako Batzordeari.
Bestalde, urriaren 10etik 17ra TTIPen aurkako mobilizazioak egingo dira Europa osoan. Horren harira, Euskal Herrian TTIPari ez! kanpainak deialdia egin du urriaren 10ean mosaiko erraldoiak osatzeko Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Akordio Trans Pazifikoa itxi dute
Bitartean, lapikoan zegoen beste merkataritza hitzarmen handiaren akordioa itxi zuten, urriaren 5ean, Ozeano Barearen inguruko hamabi estatuk, bost urteko negoziazioak burututa. Orain, estatu bakoitzeko parlamentuak oniritzia eman beharko dio itunari.
TPPk, Lankidetza Trans Pazifikoak alegia, AEB eta Japonia ditu barne, baina Txina utzi du kanpoan. Hain zuzen, Txinaren nagusigo ekonomiko gero eta handiagoari galga ipintzeko xedea du TPPk, analista gehienen arabera. Hein batean helburu horixe bera du TTIPek ere, baina begien bistakoa da Ozeano Barearen eragin-esparruak zuzenago ukitzen dituela Txinaren interesak.
Horren harira, Europar Batasunean TTIP aurrera ateratzea nahi duten zenbaitzuk kexatu egin dira AEBen jarreraz, estatubatuarrek indar gehienak hitzarmen Trans Pazifikoan jarri dituztela eta TTIP gauzatu dadin behar beste adore agertzen ez dutelakoan.