TransCanada konpainia kanadarrak salaketa ipini du AEBetako Gobernuaren aurka, hark ukatu eta gero Keystone XL oliobidea eraikitzeko baimena. Enpresak 15.000 milioi dolarreko (13.800 milioi euro inguru) kalte-ordaina eskatu du.
Ohiko epaitegi batean ez ezik, nazioarteko ebazpen-auzitegi batean aurkeztu du salaketa TransCanadak. Mota horretako auzitegiak ingelesezko ISDS siglen bidez izendatzen dira; haien bitartez, inbertsiogile batek salaketa jar dezake administrazio publiko baten aurka, hark onartutako arau batek edo hartutako erabaki batek kalte egiten diola uste badu.
Azken hamarkadetan, nazioarteko merkataritza akordio ugarik aurreikusi dute ISDS auzitegien erabilera, eta horrek atea ireki dizkie transnazionalen kalte-ordain eskaerei. Zehazki, TransCanadaren salaketa Kanada, AEB eta Mexikoren arteko NAFTA akordioaren ezarritako mekanismoei esker etorri da.
Hondar asfaltikoak garraiatzeko hodia
Keystone oliobidea hondar asfaltikoak –hondar bituminoso ere deituak– garraiatzeko diseinatu zen. Mota horretako hidrokarburoak Kanadako Alberta probintzian erauzten dira batez ere, eta oliobideak Mexikoko Golkoko findegietara eraman behar zituen.
Hondar asfaltikoak oso kutsatzaileak dira. Haiek erauzteko erabiltzen diren prozedura zeharo kaltegarria da ingurumenerako eta, behin erabilita, ohiko erregaiek baino %25 inguru CO2 gehiago isurtzen dute. Horregatik, talde ekologista askok, baita beren lur eremuak galtzeko zorian sumatzen zituzten Ipar Amerikako herri indigena ugarik ere, gogor egin dute borroka Keystone oliobidea eraikitzearen aurka. Urrian lortu zuten xedea: Obamaren gobernuak oliobidea egiteko baimena ukatu zuen.
Konpainia eraikitzailearen erantzuna NAFTA akordioak aurreikusitako auzitegi berezietara jotzea izan da. Albistea jakindakoan, Europako gizarte zibileko talde ugarik gogorarazi dute ISDS auzitegietara jotzeko aukera aurreikusita dagoela halaber Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko CETA hitzarmenean –bi aldeek onartuta baina alde bakoitzeko erakundeek berresteko zain dagoena–, hala nola Brusela eta Washington negoziatzen ari diren TTIPen.
TTIPen negoziazioan oztopo handienetakoa dira ISDSak
Hain zuzen, 2015eko udan ISDS ebazpen-auzitegiak desadostasuna eragin zuten TTIPen alde dauden europar alderdi politiko handien artean, alderdi sozialistan batez ere. Azkenean, bestelako formula bat proposatu zuen Europako Batzordeak, eta horri esker TTIP negoziatzen jarraitzeari oniritzia eman zion Legebiltzarrak, baina zalantza askoren artean.
Batetik, TTIPen aurka daudenek diote Batzordeak proposatuko aldaketak azalekoak direla eta ez diotela ISDSen funtsari eragiten. Bestetik, analista askok iragarri dute AEBek nekez onartuko dutela Bruselak negoziazio-mahaira eramango duen auzitegion bertsio berria.