argia.eus
INPRIMATU
TTIP: konpainia handien ahalmena handitu, erakunde publikoena mugatu
  • AEB eta Europar Batasunaren arteko merkataritza eta inbertsio itunaren (TTIP) zortzigarren negoziazio erronda hasi da Bruselan, gizarte zibileko elkarte ugariren protesta eta guzti.

     

Unai Brea @unaibrea2 2015eko otsailaren 03a
Dan Mullaney (ezkerrean) eta Ignacio GarcĂ­a-Bercero, AEBetako eta EBko negoziazio-taldeetako buruak (Arg.: USEU).

Mahai gainean dagoen eztabaidagai nagusia erregulazio-lankidetza da. Alegia, Atlantikoaren bi aldeetako araudiak bateratzeko prozesua. Horrek batetik besterako esportazioak erraztuko lituzke.

GKE askok salatu dute Europako Batzordeak erregulazio-lankidetzari buruz duen jarrera, filtratutako dokumentuei esker ezaguna. Dokumentu horietako batzuetatik ondorioztatu daitekeenez, Batzordeak aukera eman nahi die korporazio handiei arautzean esku hartzeko. Eskualde eta udaletako agintarien eraginari mugak jartzea ere iradoki du, iazko abenduan zabaldutako agiri baten arabera.

EBk, berriz, adierazi du bere proposamenak ez liekeela inongo pribilejiorik emango enpresei, eta ez duela asmorik legegileen boterea mugatzeko, beti ere interes publikoaren mesedetan.

TTIPen aurkariak ez dira fio, ordea. CEO (Corporate Europe Observatory) eta LobbyControl elkarteen agiri batek azpimarratzen du, esaterako, EBren proposamenaren arabera enpresek informazioa jaso behar dutela araudi berri bat sortzeko prozesua hasi bezain laster, eta aukera izan behar dutela euren ikuspuntua emateko.

Neurri horrek talde ekologistak eta kontsumitzaile elkarteak ere hartzen ditu kontuan, besteak beste, baina CEOk gogorarazten duenez, haien eragiteko gaitasuna hutsaren hurrengoa da konpainia handien lobbyenekin alderatuta.

Erregulazio-lankidetzak produktu ugariri eragin diezaioke. Elikagai, substantzia kimiko, kontsumo gaiak… AEB eta EB horretaz arduratuko den Erregulazio-Lankidetzaren Kontseiluaren sorreraz eztabaidatzen ari dira, hain zuzen.

Kontseilu horrek ahalmena edukiko luke etorkizunean sortu beharreko araudiak abiatzeko, baita dagoeneko existitzen direnak aldatzeko ere. TTIPen aurkarien esanetan, horrek aukera emango luke hainbat gai polemikori buruzko arautzea gerorako uzteko. Alegia, behin itunaren negoziazioak amaituta haren kontrako giroa baretuago legokeenerako.