Larunbatean, azaroak 5, Hego Euskal Herriko hiriburuetan TTIP eta CETA akordioen aurka mobilizatzeko deia egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP/CETA Ez plataformak.
Era honetako merkataritza itunak baztertzea ezinbestekotzat jo dute antolatzaileek, “euren helburu bakarra finantza kapitala eta multinazionalak babestea delako”. Akordioen kaltetu nagusiak ingurugiroa, pertsonen eskubideak eta herriak direla argudiatu dute.
Bi taldeek antolaturiko deialdiari hainbat sindikatu, alderdi eta gizarte eragile gehitu zaizkio, tartean Ezker Anitza, EHNE, Eguzki eta Ekologistak Martxan. EHNEk azaldu duenez akordioek “kalte larriak eragingo dituzte gizarteko zenbait alorretan eta ingurumena kaltetzen duten ekintzei ateak irekiko dizkiete”.
Manifestazioei dagokienez, Bilbokoa 17:30ean abiatuko da Moyua Plazatik —aurretik 13:00etan kalejira Unamuno Plazatik— , Donostiakoa 17:00etan Bulebarretik eta Iruñekoa 13:00etan autobus geltoki zaharretik. Gasteizen kalejira bat antolatu dute 12:00etan.
Bilboko manifestaziora deitzeko eginiko bideoa: