argia.eus
INPRIMATU
Merkataritza askeko akordioak
TTIP, CETA, TiSA: gizakien hutsalkeria
  • Tom Friedman kazetari eta hiru aldiz Pulitzer sariaren irabazleak idatzi zuen artalde elektronikoak (lipar batean milaka milioi lekuz alda ditzaketen finantzari eta espekulatzaileak) estatuak behartzen dituela urrezko atorra hertsagarri bat janztera, arau finkoz ehundutako atorra: merkataritza askea, kapital askeen merkatua, enpresa askea, tamaina eta erregulazio txikiko sektore publikoa. Zure herrialdeari ez badiote oraindik neurririk hartu halako atorra bat egiteko, laster hartuko diote.  

Jose Ramon MariƱo @kuitirriki 2016ko urriaren 29a
Azaroaren 5ean TTIP, CETA eta TiSA akordioen aurkako mobilizazioak egingo dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan (Arg.: Cornelia Reetz / Mehr Demokratie-CC By SA).

Merkataritza eta Inbertsio hitzarmenak estrategia horretako gakoetako bat dira, bai AEBekin negoziatzen ari dena (TTIP), bai sinadura eta berrespen zain dagoen Kanadarekikoa (CETA), bai Zerbitzuen Salerosketa Akordioa (TiSA). Gure burujabetza eta demokrazia defendatzen ditugula dirudien bitartean, eta munduaren berezko ordena bailitzan bata bestaren ondotik merkataritza eta inbertsio itunak sinatzen ditugun bitartean, zuzen-zuzenean goaz hondamendira.   

Oro har, merkataritza akordioek kapitalismo transnazionalaren boterea eta irabaziak areagotu dituzte, eta horren ordaina izan dira ekonomiaren egonkortasun eza handitzea eta herritar guztien ingurumen, lan eta, azken batean, bizi baldintzak kaskartzea. Dakigunez, ebidentzia enpirikoak ezartzen du ez dagoela harreman automatiko eta saihestezinik merkataritza irekitzearen eta hazkundearen artean, eta hazkundeak ez dakartzala ezinbestean enplegua eta soldatak. Eta argi dago, globalizazioaren mozkinak kapitalak eta korporazio transnazionalek berenganatzen dituzte.          

Hala gertatzen da, zenbait diskurtso triunfalistak esan arren merkataritza askeak eta araudiak biguntzeak etenik gabeko irabaziak dakartzatela. Bai, eratzen da aberastasunik, baina herritarrek nonahi jasaten dituzte antzeko ondorioak, besteak beste langabezia handitzea, bizi eta lan baldintzak okertzea eta desberdintasun sozialak modu eskandalagarrian areagotzea; horrez gain, gero eta gehiago kapital pilaketaren prozesu transnazionalak preso du langile klasea, eta horrek langileen arteko liskarrak sortzen ditu (Hart-Landsberg). Azken batean, kapitalismoaren nazioarteko sistemak, langileen interesak sustatu baino, higatu egiten ditu, bai herrialde garatuetan bai garapen bidean daudenetan.

Neoliberalismoaren nukleo gogorrak merkataritza askearen ikuspegi harmoniko eta idealizatua ipini du mahai gainean. Horrek, ustez, mundu orekatu eta egonkor batera eramango gaitu, eta aitortzen badute ere pertsona batzuk kaltetuak izan daitezkeela, doikuntza berriek harmonia berrezarriko dute. Tamalez, ideia-gudu hori irabazten ari dira. Frogatu behar dugu eredu neoliberala kapitalaren eta korporazio transnazionalen interesak sustatzen dituen estalki ideologikoa dela, ez analisirako marko zientifikoa. Eta geure buruei galdetu behar diegu batzuek (badakigu nortzuk) irabazi egiten badute eta gehiengook galdu egiten badugu, nola liteken merkataritza librearen abantailez hitz egitea?

Arestian esan bezala, merkataritza aske eta inbertsiorako hainbat itunen negoziazio edota berrespenean murgilduta dago Europar Batasuna; horien artean nabarmendu egiten dira AEBekin negoziatzen ari diren Merkataritza eta Inbertsio Itun Transatlantikoa (TTIP), Kanadarekin berreste prozesuan dagoen CETA, eta EB, AEB eta beste herrialde batzuk (50 guztira) negoziatzen ari diren Zerbitzuen Salerosketa Akordioa (TiSA).

Belaunaldi berriko hiru hitzarmen horiek, muga-zergen oztopoa ezabatzeaz gain, hesi erregulatorioak dituzte jomugan, honako argudio ideologikoan oinarrituta: erregulazioak traba egiten dio merkatu askeko ekonomiaren funtzionamenduari. Akordio bizidunak dira, alegia, erregulazioa elkarrekin arautzeko etengabeko prozesua proposatzen dute. Hala, merkataritzari “alferreko” kostua dakarkioten legediak baztertuko dira. Ez da ahaztu behar zerga-mugei ez dagozkien hesiek eta erregulazioak jendartearen hautu kolektiboak babesten dituztela, eta berez ongizatea handitzen dutela, politika publikoak defendatzen dituzten heinean, horietako batzuk funtsezko elementuei lotutakoak: sendagaiak, ingurumena, elikadura, lan eskubideak, zerbitzu publikoak, e.a. Hots, hainbeste borroka eta ahaleginen ondorioz eskuratu dugun ongizate estatua defendatzeko balio dute. Horren adibide paradigmatiko bat da zuhurtzia printzipioaren aurkako ageriko mehatxua, ofizialki esaten dena esaten dela ere. Azken batean, parlamentuen eta jendarte zibilaren funtzio demokratikoa nabarmen murriztuko da kontrol publikotik kanpo sortuko diren egitura burokratikoetan.              

Horien artean daude inbertsiogile eta estatuen arteko ebazpen auzitegiak. Auzitegi horien ikusmolde berria (ICS delakoa) sortu arren, haien izatearen muinak bere horretan jarraitzen du: asimetria, zuzenbide gogorra vs zuzenbide ahula, atzerriko inbertsiogileentzat pribilegioak… Laburbilduz, atzerriko inbertsiogileei justifikatu gabeko estatus berezia eskaintzen diete, merkatuaren eta jendartearen parte diren beste eragileekin alderatuta.  

Ez dezagun ahaztu, halaber, itunon alde erabiltzen diren argudio ofizial nagusiak (hazkundea, enplegu sorrera, enpresa txiki eta ertainei babesa) sakon aztertuak izan direla eta frogatu egin dela okerrekoak eta puztutakoak direla, non ez gezurrezkoak.

Hortaz, itun horiek sinatzea eragotzi eta beste prozesu batzuk abiarazi behar dira, erabat gardenak; europar parlamentuarekiko kontsulta sistema iraunkor eta irekia ezar dadila, bai estatuentzat bai jendarte zibilarentzat; eskumen legegilerik ez dakiela eman organismo burokratikoei ez eta sektore pribatuari ere; merkataritzaren liberalizazioak aintzat har ditzala herritarren nahiak zerbitzu publikoen babesaren, nekazaritza politikaren, elikadura burujabetzaren, frackingaren… alorretan; finantza krisi larriak emandako ikasgaiak kontuan izan daitezela eta eremu horietan araudi zorrotzak ezar daitezela; garapen txikiagoko herrialdeen premiak lehenetsi daitezela argiro; giza eskubideen errespetuari buruzko arau lotesleak ezar daitezela eta atzerriko inbertsiogileen eta estatuen arteko ebazpen-mekanismoak arbuia daitezela.             

Doktrina neoliberalak ideologiak lausotu ditu “merkatu” kontzeptuaren atzean; kontzeptu hori eredu sozial eta ekonomiko nagusi bihurtu da, eta haren apaiz nagusiek aberastasunak agintzen dizkigute mugarik gabeko mundu honetan (kapitalentzat eta salgaientzat mugarik gabekoak, ez pertsonentzat), mundu globalizatu honetan (ekoizpena globalizatzen da eta lehiakortasuna hobetzen da ekoizpen egiturak eramanez lan kostuek eta ingurumen, lan, gizarte eta fiskalitate legedi ahulagoek modu merkeagoan ekoizteko aukera ematen duten lekuetara). Helburua pertsonen jarrera hutsala garatzea da, inguruko errealitateaz axolagabe bihurtzea, azalkeria eta sakontasun eza aukeratzea, berehalako plazerari eta konpromiso faltari lehentasuna ematea. Gaur egun, azpiratutako subjektua ez da azpiratze horretaz jabetzen, librea dela uste du (Byung Chul Han).

Eta gero eta tarte txikiagoa dago albo batean gelditzeko.

Beraz, ezezagunerantz jauzi egiteko adorea biltzea da gure jendartearen erronka, aukerak muturreraino eraman behar ditugu eta erla langileen ordez subjektu aktibo bilakatu. Hau da bizi garen jendartea, eta hala izan dadin lagundu dugu, ekinez edo ekite ezaz. Azaroaren 5a urrats ona ema daiteke noranzko horretan; TTIP, CETA eta TiSAri ezetz esan nahi diegu, guk geuk erabaki nahi dugulako.

(Jose Ramon Mariño Euskal Herrian TTIP!-ari Ez kanpainako kidea da)