Berriki jakin da Hazparneko Ttattola gaztetxeak ateak itxiko dituela 2020ko urtarril hondarrean. Lehen belaunaldiko kide ohi bat eta gauregungo taldeko kide bat elkartu dira orain arteko ibilbideari so egiteko.
“Garaiak aldatu ditun”, erran dio Ttattolako lehen belaunaldiko Maialen Etxartek (Izturitze, 1978) Hegoa Banos Olabarriri (Hazparne, 1996), irri artean. Gauza batzuk ez dira aldatu, haatik: Hazparne eta inguruetako herrietatik gazte saldoa juntatzen da oraino ere Ttattola gaztetxeko dinamikan. Duela hemezortzi urte aitzineko egoitzarekin gertatu bezala, gainera, jabeak egoitza berreskuratu nahi duelako lokala utzi eta beste baten xerkatzen hasiak dira. Orain arteko egoitza utzi aitzin besta andana bat antolatzen ari dira, azaroaren 29an hasirik urtarrileko azken astebururaino.
Nola sortu zen Ttattola?
Maialen Etxart: Bazen Hazparnen elkarte bat, Hitzordu batzokia deitzen zena, abertzaleen elkarte bat. Bazuten lokal bat ostatu batekin, gela aski handi batean eta hola… Uztekotan zuten eta gazteei proposatu ziguten hori hartzea. Guk pentsatu genuen gaztetxe bat egitea leku horretan. Bildu ginen inguruko herrietako 60 bat gazte edo, eta bilkuretan 30 elkartzen ginen. 1996an hasi zen, eta 2000. urtea arte han egon ginen. Pribatu batena zen eta saltzeko asmoa ukan zuen, beraz hetsi zen hango Ttattola. Hasi ginen lokal baten xerkatzen: nahi genuen lehengoan bezala aski herri barnean izatea, eta, aldi berean, aski handia kontzertuak antolatzeko. Atzeman genuen hau, berriz ere pribatu batena, eta hasi ginen alokatzen 2002an. 2004an ama izan eta ez nuen segitu.
Nola gertatu da belaunaldien arteko transmisioa?
M.E.: Justuki ez da izan hainbesteko transmisiorik. Berriki aipatu dugu politago izanen zela gehiago zaindu izan bagenu, ez baitugu sobera egin. Guk utzi genuen, pentsatuz ez zela gehiago gure adinekoa, ondotik heldu ziren gazteei, haiek berdin besteei… Pixka bat motibazioa galtzen zelarik pasatzen zen eskua, transmisio handirik gabe.
Hegoa Banos Olabarri: Sartu eta baziren zaharrago batzuk. Gure lagun taldearekin sartu ginen, eta urte bat geroago haiek utzi zuten. Eginez ikasten da.
Zer da orain arteko ibilbidean gogoan atxikitzen duzuena?
H.B.O.: Bi mila gauza heldu zaizkit burura… Gogoan atxikitzen dudana, gaztetxea beterik, bete-betea; Berri Txarrak-en kontzertuan bezala. Gure arteko bilkurak, aperitifak, inauteriak.
M.E.: Oroitzen naiz hastapeneko Ttattolan ginelarik gure ideia zela zinez gaztetxea merkea izatea; anitz ibiltzen ginen Hegoaldeko gaztetxeetan —hemen ez zen sobera eredurik— eta handik heldu ideietan beti ahal bezain merkea nahi genuen egin. Hori zen pixka bat gure ideologia. Oroitzen naiz lau liberetan zela edaria eta joaten ginela zigarretak erostera beste aldera eta merke-merke saltzen zirela, denek erretzeko eta edateko barne hartan. Gero oroitzapenik onena enetzat, [lehen egoitza] hetsi genuelarik izan zen besta (Potato, Skunk, Etsaiak taldeekin…). Anitz-anitz diru bildu zen, oroit naiz kontatzen eta irriz aritzeaz, ez baikenuen sekula hainbeste sos ikusi. Gero bilkura bat egin genuen eta txekeak: txekeak presoei, txekeak AEKri, txekeak Xuriateari —proiektua hastean—.
Inguruetako gaztetxeekin harremanak izan dira?
H.B.O.: Joan den urtean bildu ginen Iparraldeko gaztetxe guztiekin, pixka bat ikusteko nola antolatzen garen eta partekatu ahal izateko gaztetxe bakoitzean egiten dena. Kanbon hasi zen; izan ziren bizpahiru bilkura eta gure arteko afariak.
Eta beste elkarteekin?
H.B.O.: Ikastolek gaualdiak antolatu dituzte hemen, AEK-k ere, Aman Komunak gaualdi bat izan zen, Hernandorena bertso finala izan zen…
M.E.: Presoen elkarteekin betidanik, etorkinekin sostenguzko elkarteekin…
H.B.O.: Eihartzearekin, Zinegin festibala… Beti beste elkarteekin lan egin dugu. Batek hemen zirkoa egiten du, kantu errepikak egin dira…
M.E.: Beti prestatu da Ttattola, izan dadin bilkurentzat edo bestak egiteko… elkarte guztiek badakite ongi etorriak direla.
Hastapenetik alokairuan hartu da gaztetxea. Hautu bat zen?
M.E.: Hastapenetik eskainia izan zaigun aukera baldintza horietan zen: gure aitzinekoek jabe bati pagatzen zioten lantegi zahar hura. Segida hartu genuen, ez zen hautu bat, aukera bat izan zen, biziki merkea baitzen. Garaian, dena den, ez genuen aukerarik ikusten herriko etxearekin fitsik lortzeko. Ez genuen laguntzarik deusetan, arrunt independenteki ari ginen. Gero hetsi zelarik, egia erran, gure lehentasuna lokal bat atzematea zen ahal bezainbat herri barnean kokatua eta handia… Ez genuen beste aukerarik ikusten, pribatuengana joan ginen.
Zergatik itxiko da Ttattola?
H.B.O.: Jabeek lokala berreskuratu nahi baitute.
Eta zuen xedea zein da?
H.B.O.: Ahal bezain fite beste gaztetxe baten ukaitea. Egia erran, hori jakin dugu urriaren 25 inguru, eta ez genuen batere espero. Orain, talde bat ari da urtarril bukaera arte gaualdiak antolatzen, eta beste bat pentsatzen lokalari, zer ukaiten ahalko genukeen… Ikusten Euskal Herrian zer alternatiba baden alokatzeari: Hendaian okupazioa, Donibane Garazin erosi zuten, besteak herriko etxeenak dira… Aztertzen ari gara aukera hoberena eta gure arteko motibazioa, aterabide bakoitzak ez baitu suposatzen ber indarra.
Zaharragoentzat zer erran nahi du Ttattola zerratzeak?
M.E.: Denak pil-pilean, anitz aipatzen da. Elkartzen garelarik, ez dugu bilkurarik egin, baina hori da gure aipagaia azken denboretan. Atxikiak baikara leku honi eta belaunaldiz belaunaldiko istorio bat da. Oroitzen naiz hauek [Hegoa erakutsiz] heldu zirela Olentzero antolatzen genuelako ttipientzat; orain, gure haurrak gazte dira, eta, beharbada, sartuko dira gaztetxean laster… Historia aski luzea da. Ohartzen gara Hazparnen halako leku bat ukaitearen garrantziaz.
Lokal hau utzi aitzin bestak iragarri dituzue.
H.B.O.: Bai, alimalekoak! Azaroaren 29an gaualdia izanen da [Antton Larrandaburu eta Bitxiloreak, Entrexatak, Tristan Murgi, Horeba eta Laparretan]; abenduaren 5ean Les Ramoneurs de Menhirs ariko da. Eguberriz eta urtatsez besta izanen da, eta urtarrileko azken asteburuan alimaleko besta izanen da, alimalekoa.
Azken hitza?
H.B.O.: Gaztetxeak segituko duela eta lortuko dugula manera batean ala bestean beste gaztetxe baten ukaiten. Beharbada, Ttattolaren bukaera da, baina beste zerbaiten hastapena; horrek ekar lezake beste proiektu bat, positibo ikusten dut. Beste borroka bat… lortuko dugu, ez dut dudatzen!