argia.eus
INPRIMATU
Ttattola Gazte Asanbladak ez du Hazparnen okupatutako gaztetxea utziko
  • Astelehenean jaso zuten kanporatze agindua, eta asteartean egin behar zuten alde. Baina gazteek esan dute abuztuaren 21ean okupatutako Davidenea eraikinean jarraituko dutela. Herriko Etxeak ez du haiekin hitz egin nahi, eta kaleratze aginduan argudio faltsuak erabili dituzte kaleratzea justifikatzeko.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 01a
Ttattola Gazte Asanbladako kideak Davideneako okupazioaren egunean. Argazkia: @TtattolaKinkiGaztetxea

Hazparneko (Lapurdi) Ttattola Gazte Asanbladako kideek kanporatze agindua jaso zuten astelehenean, abuztuaren 21ean okupatu zuten Davidenea eraikina husteko. Astearteko goizeko 10:30etan utzi behar zuten hartutako gaztetxea, baina azaldu dute bertan jarraitzeko asmoa dutela. Aginduari errekurtsoa jarri diote auzitegian, eta bi elkarretaratze deitu dituzte erabakia defendatzeko: asteartean bertan egin zuten lehena; bigarrena, irailaren 4rako iragarri dute.

Gazteek prentsa ohar bidez esan dute hainbat elkarrizketa galdegin dizkiotela Udalari, arazoari konponbidea bilatzeko asmoz. Halere, herriko etxeak entzungor egin diela salatu dute: Isabelle Pargade auzapezak ez die okupatutako eraikinaren jabeen kontaktua eman nahi izan, ez zeukatelako haiekin “hitz egiteko gogorik”. Asanbladatik esan dute ahal izan duten guztia egin dutela alternatibak proposatzeko: “Ekintza ilegal bat hautatu badugu ere, elkarrizketa eta negoziazioa beti hobetsi ditugu”. Baina ezinezkoa izan da.

Bestalde, kanporatze aginduan erabili dituzten gezurrak ere salatu dituzte gaztetxekoek. Etxebizitza Micheline Jeanne Casaux 95 urteko emakumearen bizitokia dela esan dute agirian, eta gazteek haren egoitza okupatu dutela. Gehitu dute asanbladako kideak bertan sartzeak “osasun moralean” eragin diola emazteari, “biziki hunkitu” baitu gertatutakoak. Baina gazteek badakite etxea urte askoan egon dela hutsik. Bestela, “nola bizi daiteke adin handiko emazte bat elektrizitaterik eta urik gabe, eta komunak hautsiak diren etxe batean?”.

Gezur horiekin, herriko etxeak “sentimenduen zelaian” jokatu nahi izan duela azaldu dute. Baina Udalak horrela jardun nahi badu, bi aldeen egoera kontutan hartu beharko lukeela nabarmendu dute. Gazteek bizitoki bat lortzeko gero eta zailtasun handiagoak dituzte Hazparnen (347 etxe huts eta 145 bigarren etxebizitza daude), eta proposamen kulturalik gabeko “hiri huts” batean bizi behar dira. Aginduan erabilitako “osasun moralaren” argudioei, beste bat kontuan hartzeko galdegin diete asanbladako kideek: “Gazteen osasun mentalaz arduratzen ote zarete?”.

Aurreko okupazioa

2020ko urtarrilaren 31n Ttattola gaztetxea utzi zuen gazte asanbladak. Orduan, kideak “indarrez” bota zituzten hamazortzi urtez martxan izan zuten proiektutik. Urte eta erdiko elkarrizketen ondoren, abuztuaren 21ean okupatu zuten herriaren erdiko Davidenea eraikina. Berria hedabideari adierazi ziotenez, herritar guztientzako gunea izateko prestatzen ari ziren: “Ekintza kulturalak egiteko, herria dinamizatzeko eta jendea elkartzeko gune bat izatea nahi dugu. Hau da, gaztetxe rol bat betetzea”.

Etxea okupatu eta berehala hasi ziren gazteak konponketa lanekin. Eta horrela jardun dute orain arte. “Gu hutsik eta abandonatua zen etxe batean sartu gira. Ez da gurea. Gure borondate bakarra etxe hau garbitzea, txukuntzea, berpiztea izan da, Hazpandarrentzat eta guzientzat leku goxo bat bilaka dadin”.