argia.eus
INPRIMATU
Hainbat lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak Katalunian, Puigdemonten jarduerak finantzatzen lagundu dutelakoan
  • Guardia Zibilak polizia operazioa abiatu du asteazken goiz honetan eta "funts publikoak independentismora desbideratzea" egotzita zortzi atxiloketa egin ditu. Bartzelonako lehen instrukzio epaitegiak agindu du operazioa, Carles Puigdemontek Belgikan egindako egonaldiaren finantziazioa eta Tsunami Democratic-ekin izandako ustezko harremana ikertzen ari den epaitegiak.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 28a
Xavier Vendrell, David Madí, Oriol Soler, Josep Lluís Alay eta Xavier Vinyals, asteazken goiz honetan Guardia Zibilak atxilotu dituen bost lagunak.

Operazioan Oriol Soler editorea, Xavier Vendrell ERCko kontseilari ohia eta David Madi Convergènciako bozeramaile ohia atxilotu dituztela jakin da goizeko lehen orduetan. Hirurak alderdi independentistetako eta Kataluniako Gobernuko buruzagiekin batera erreferenduma eta estrategia subiranista planifikatu zituen taldean parte hartu zutela argitaratu dute zenbait hedabidek iturri polizialetan oinarrituta. Geroago jakin denez, Josep Lluis Alay Puigdemont presidente ohiaren kabinete-burua ere atxilotu dute, baita Xavier Vinyals enpresaria eta Kataluniako selekzio nazionalen aldeko plataformako presidentea ere.

Joaquin Aguirre epailearen ikerketak Bartzelonako Diputazioan Convergènciak izandako ustelkeria kasu batekin hasi ziren eta Victor Terradellas alderdiko nazioarteko harremanen arduradun ohiaren atxiloketaren ondoren Puigdemontekin lotu zuten, frogatu nahian Generalitateko presidente ohiak Waterloon martxan jarritako bulegoaren gastuak diru publikoz ordaindu zituztela. Asteazken honetako atxiloketak kasu bereko pieza sekretu baten parte dira.

Erreferentziazko pertsonak Kataluniako gizartean

Atxilotuen artean, Madí Artur Masen eskuineko eskua izan zen, CiU oposizioan egon zen garaian. 2010ean konbergenteak Generalitatera itzuli zirenean, Madí sektore pribatura pasa zen hainbat enpresa aholkatzeko, horien artean Ibex-35ekoak.

Vendrell, ERCko militante beteranoa, errepublikanoen antolakuntza idazkaria izan zen 1996 eta 2006 artean. 1999tik 2006ra Kataluniako Parlamentuko diputatu izan zen, eta urte horretan PSC eta ICVrekin batera osatutako gobernuaren gobernazio kontseilari izendatu zuten, baina handik hilabetera kargutik kendu zuten, ERC Gobernutik botatzearekin batera –Kataluniako Estatutuarekin izandako tirabirekin lotuta egon zen azkeneko erabaki hori–. Politikaren lehen lerrotik urrun egon arren, Vendrellek pisuzko pertsona izaten jarraitu du ERCren inguruan.

Solerrek Cultura 03 taldea sortu zuen eta gaur egun Som argitaletxea zuzentzen du, besteak beste Ara Llibres argitaletxearen, Sàpiens aldizkariaren eta Time Out-en Bartzelonako edizioaren bultzatzailea den enpresa. 2015eko Kataluniako hauteskundeetan Junts pel Si koalizioaren kanpainako buruetako bat izan zen.

Alayri dagokionez, formazioz historialaria da eta tarte labur batez Presidentetzaren nazioarteko politiken koordinatzaile izan zen, Quim Torra Kataluniako gobernuburu zela, baina berehala Puigdemont presidente ohiaren bulegoa zuzentzera pasa zen. Juntseko buruzagiaren lagun pertsonala. Besteak beste, Finlandian egin zuen egonaldian lagundu zion 2018ko martxoan.

Xavier Vinyals energia berriztagarrien sektoreko enpresaria da eta prozesu independentistako "estatu nagusia" delakoan ere parte hartu zuen. Kataluniako Esportives Pro Seleccions plataformako presidentea eta Comitè Olímpic de Catalunya (COC) erakundeko presidenteordea izan zen.