argia.eus
INPRIMATU
Tsunami auzia artxibatu du Espainiako Auzitegi Gorenak ere
  • Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak astelehen arratsean esan du baliogabetu egin behar direla Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, "ilegalki" luzatu zelako. Erabaki hori behin betiko bihurtzean Carles Puigdemont eta Marta Rovira kasutik aterako zitezkeen. Ebazpen horretatik ordu gutxira etorri da García-Castellón magistratuaren erabakia. Mugimendu horien ondorioz, asteartean Epaitegi Gorena izan da Tsunami auzia artxibatu duena, eta bertan behera utzi du Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren eta Ruben Wagensberg ERCko diputatuaren kontra abiatutako ikerketa. 

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko uztailaren 09a

Espero gabeko bi erabaki elkarren segidan etorri dira Espainiako botere judizialean astelehenean. Lehenik, astelehen arratseko lehen orduan, Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoko autoa iritsi da: Tsunami Democratic-en aurkako auzian, lau urte baino gehiagoko ikerketan, 2021eko uztailetik aurrera ikerturikoa baliogabe uzteko agindua. Autoaren arabera, 2021eko uztailean García-Castellón epaileak auzia luzatu zuen "ilegalki", eta Marta Molina ERCko diputatuak errekurtsoa jarri zion horri. Apelazio aretoak arrazoia eman dio Molinari astelehen arratsean. Beraz, auto hori behin betiko bihurtzen zenean, 2021eko uztaila baino lehen ikerketapean zeudenek soilik jarraitu beharko lukete ikertu gisa, eta ez ondoren auzian sarturikoek –Carles Puidgemont eta Marta Rovira 2023ko azaroan inputatu zituen, hain justu ere Amnistia Legea negoziatzen ari zirenean–.

García-Castellón oporraldian harrapatu du Espainiako Auzitegi Nazionalaren apelazio aretoaren auto judizialak, eta ikusteke zegoen horrek nola eragiten dion auziaren norabideari. Bada, ordu gutxi geroago, 21:30 aldera ezagutarazi da García Castellónek sinaturiko urgentziazko autoa: artxibatu egin du Tsunami Democraticen aurkako auzia. Hala ere, idazkian badio "terrorismo zantzuak" ikusten dizkiela gertakari haiei.

Hamabi auziperatuetatik hamar Auzitegi Gorenaren eskuetan zeuden; beraz, auziari dagokionean, pentsa daiteke ez dutela atxilotuak izateko arriskurik. Gehiengoa, gainera, erbestean dago.

Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren bidea hartu du hurrengo egunean, asteartean: kausa artxibatu du. Erbestean dira Gorenak ikerketapean zituen Carles eta Ruben Wagensberg. Aforatuak izateagatik zegoen ikerketa Gorenaren esku –Puigdemont europarlamentarioa delako eta Wagensberg Kataluniako Parlamentuko diputatua–.

Puigdemont, ordea, ez da guztiz libratzen. Diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta irekita duen prozeduragatik ez dute amnistiatu.

Marta Rovira: "Justizia poetikoa da"

RAC1 irrati kataluniarrean hitz egin du astearte goizean Rovira ERCko idazkari nagusi erbesteratuak. Ia zazpi urte daramatza atzerrian, Suitzan. Itzultzeko gogoa "berpiztu" zaiola kontatu du; aste honetan, justuki, ERCko emakumeen asanblada deituta dago, eta horra joateak "ilusio berezia" egingo liokeela dio. "Zentzu politiko osoa luke ni asanblada horretarako itzultzeak, hainbeste denboraren ondoren". Ez daki, ordea, itzultzeko moduan egongo den. Bilera mordoa dituela esan du, abokatuekin gauza asko begiratu beharra.

"Justizia poetikoa da", esan du Rovirak irrati katean: "Emozioz beterik nago. Momentu oso berezia, eta espero gabe etorri da". Horrez gain, esplizitatu du Ruben Wagensberg ERCko diputatu erbesteratuarekin itzuli nahiko nukeela; espero du haren auzia ere Gorenak artxibatzea. Egun batzuen buruan etor daiteke Gorenaren artxibatze hori.

Puigdemontek, ordea, momentuz ezingo luke itzuli. Izan ere, duela astebete eskas, U-1aren auzi judizialean "diru publikoa bidegabe erabili izana" ez dela amnistia aplikatzeko moduko delitua esan zuen Gorenak. Delitu horrengatik atxilotze aginduak indarrean dirau. Auzi horretan zegoen Rovira ere, baina berari bai aplikatuko liokete Amnistia Legea.

Auzia artxibatzearen notizia jakin berritan, Ruben Wagensbergek argazki hauxe zintzilikatu zuen sarean. Erbestean diren pertsonetako lau dira. Irudian, Oleguer Serra Ómniunekoa, Marta Rovira, Ruben Wagensberg eta Jesús Rodríguez Directa-ko kazetaria.

Europari ere luzatu zaio galdera

Beste fronte bat irekia dago Espainiako botere judizialean. Auzitegi Nazionaleko García-Castellón magistratua oporretan zela, bere ordezko María Tardónek eta Auzitegi Goreneko zigor aretoko buru Susana Polok –hau da, Tsunamiren aurkako auziaren bi epaile instruktoreek– uztailaren hasieran galdera luzatu diote Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari, zalantza dutelako ea Espainian onartu berri den Amnistia Legea aplikatu behar dioten terrorismo delitua leporatzen zaien pertsonei.

Europak ez du oraindik erantzun, eta hori ere ikusteko dago. Demagun, Audientzia Nazionalak ez bezala, Gorenak aurrera segitu nahiko balu, Europako Justizia Auzitegiaren aurkako ebazpen batek kolpe latza eragingo luke.

Tsunami auzia: asmo politiko argien eragina

Lau urteko ikerketa izan den arren, azken hamar hilabeteetan nabarmen indartu da Tsunami auzia, hain justu ere, eta ez kasualki, Espainiako Diputatuen Kongresuan Amnistia Legea negoziatzen ari zirenean; alegia, 2023ko udazkenean. Ordura arte ehunka ikertu zeuden sumarioan, baina ez ziren bestela delitu gogorragoak aipatzen. Aldiz, 2023ko azarotik aurrera, dozena bat pertsonari terrorismo eta giza eskubideen aurkako delituak egotzi zizkien Espainiako Auzitegi Nazionaleko García-Castellón epaileak, tartean Carles Puigdemonti eta Marta Rovirari, baita kazetari zein enpresari banari ere. Zazpi pertsona, gutxienez, erbesteraturik daude.

Erbestean dauden auziperatuek "harridura handiz" hartu dituzte astelehen arratsaldeko bi gertakariak, ARGIAri esan diotenez. "Pozik" dira, jakina, baina "prudentziaz" jokatuko dutela ere badiote, ikusteke dagoelako zer etor daitekeen.

Tsunami auziari buruzko informazio gehiagorako: ARGIAk Suitzan elkarrizketatu zituen, idatziz zein bideoz, Tsunami auziarengatik erbestean diren bi pertsona: Ruben Wagensberg ERCko diputatua eta Jesús Rodríguez 'Directa'-ko kazetaria.