Syrizaren bigarren kongresuan Alexis Tsiprasek ikusmin handia sortu duen hitzaldia egin du. Aurrera begirako politika marraztu du greziar presidenteak. Hibai Arbide kazetariak jarraitu du ekitaldia Twitter bidez.
"Joan den urtekoa ez zen negoziazioa izan, xantaia bat baizik". Horrelaxe hasi du Alexis Tsiprasek bere hitzaldia Atenasen Syrizaren II. Kongresuan, gobernuan denetik lehena. Hibai Arbide Aza kazetariak laburbildu ditu bere esanak Twitter bidez eta kronika honen iturri nagusia izan da.
Iaz Troikari onartutako erreskateaz jardun da batez ere Tsipras hitzaldiaren hasieran eta horrek Grezian utzitako egoera konplikatuaz. Bere esanetan eurotik ateratzea ez zen irtenbide bat, "hori ez zen garaipen bat, Schaübleren plana baizik, plan nazionalista bat gehiago hondoratuko gintuena". Hala ere onartu du erabaki zailak hartu behar izan zituztela "beste aukerarik ez" zutelako.
Greziar presidenteak agindu du akordioa beteko dutela, baina garbi utziz zorra berregituratzea lortu dutela "ez dugu etsiko hori lortu arte". Horretarako, azaldu du, gero eta babes gehiago sumatzen du gobernuak "sektore askok onartzen dute jadanik".
PASOK "erregimen zaharreko" alderdi gisa izendatu ondoren, politika neoliberalek deuseztaturiko osasungintza unibertsala itzuli dutela gogorarazi du eta iragarri du 10.000 mediku berri kontratatzeko plana esku artean dutela.
Alderdi barrurako mezuak ere jaurti ditu Tsiprasek: "Ezin dugu alderdi zaharrak bezalakoa izan, inoiz. Syriza gobernu-alderdia da baina erakutsi behar dugu bestelako etika bat daukagula. Ez gara beraiek".
Europari begira hainbat hausnarketa egin ditu mandatariak: "2015eko hauteskundeak irabaztea posible izan zen ezkerreko aukerak plazetako mugimendu handiekin bat egin zuelako. Zein aliantza eta eremu politiko daude Europan eraldaketa soziala hasteko? Horixe da pentsatu behar duguna".