argia.eus
INPRIMATU
TS Fundicioneseko langile ohiek “diskriminazio sindikala” salatu dute
  • TS Fundicioneseko langile ohiek salatu dutenez, 2014an itxitako enpresaren jabeetako batek bere oraingo enpresaren hornitzaile bat behartu du TSko langile ohi bat kaleratzera, harekin lan egiteari uztearen mehatxupean.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 16a
TS Fundicioneseko langile ohiak, 2016ko prentsaurreko batean (Arg.: Argazki Press)

2014an Zestoako TS Fundiciones enpresa itxi zuten, langileak kalean utzita. Bi urte geroago, iazko martxoan, fabrika berriz ireki zuten, GRI Castings enpresarekin. Langileetako batzuk berriro kontratatu zituzten, baina beste asko langabezian geratu ziren, prentsa oharrean azaldu dutenez.

Orain, itxieratik hiru urtera, “diskriminazioak eta mehatxuak” jasotzen jarraitzen dutela salatu dute langile ohiek. “TS Fundicionesen jabeak tailer batzuei presioa egiten ari dira, enpresako langile ohiak ez kontratatzeko”, azaldu dute. “Gogorarazi nahi dugu gu kalera bota gintuztenek hornitzaileekin, udalekin eta langileekin zorrak utzi zituzten arren, ez dutela inolako erantzukizunik edo ondoriorik jasan”.

“Lanpostu duin baten alde eta mehatxu eta diskriminazioen aurka” lanean jarraituko dutela ziurtatu dute. Datozen asteetan gertatutakoa salatzeko kanpaina bat abian jarriko dute.