Proces-aren aurkako epai gogorra 2019ko urrian atera zen eta horrek Bartzelona sutan jarri zuen. Testuinguru horretan, Espainiako Estatuan bolo-bolo irakurri zen eskuineko prentsan jaregindako esaldi hau: “Espainiaren on beharrez, 50 urtero Bartzelona bonbardatu beharko litzateke”. XIX. mendean karlismoa menderatu zuen Espartero jeneral liberalaren esaldia izan ei zen.
Esparteroren biografistek ukatu egin dute esaldi hori harena denik, baina baina berdin dio, ez bada haren esaldi bat, Espainiako eskuinak pertsonaia askatzen du tarteka, aldez edo moldez. Oraingoan Jesús Fernández-Villaverde ekonomialari eskuindarrari egokitu zaio. Enric Juliana La Vanguardia-ko zuzendari albokoaren kronikan irakurri ahal izan zen jeneralaren izena Madrilgo Rafael del Pino Fundazioan emandako hitzaldi arrakastatsuan. Fundazio hori Espainiako enpresa munduko lider esanguratsuenen erreferentzietako bat da, eta Fernández-Villaverde trumpismoa Espainiaratu nahi duen ideologo berria, Julianaren aburuz.
Fernández-Villaverde aspalditik ari da ohartarazten PP: Voxekin gobernu ituna egiten ez badu, hauteskundeetako bere gehiengoa oposizioan hilko da arrakastaz. Hemen bere errezeten osagai zahar berrituen muina: bat, eskuinen batasun autoritarioa era modernoa, hots, burdinazko eskua zetazko eskularruan; bi, teknologia berriek eta adimen artifizialak bultzatutako ekonomiaren hazkunde indartsua, merkatu are desarautu eta malguagoan, egungo EBk bermatzen ez duena.
Ekonomialariak Madrilgo konferentzian esandakoaren arabera, Espartero jenerala da Espainiako historian izan den pertsonaiarik kaltegarriena, Lehen Gerra Karlistan (1833-1840) ez zuelako karlismoa suntsitu eta harekin akordioa egin zuelako. Horren ondorioz, gaur egun lau alderdi karlista daude Espainiako Kongresuan: Junts, ERC, EAJ eta EH Bildu.
Albo batera utzita historiarekiko zorroztasuna, kontua da AEBko haize ufada berrien bultzadaz, Europako eskuin mota guztiak gobernu dantzarako prest direla, eta hurrengo dantzaldia Alemanian izango dela otsailaren 23an. Aurreikuspena: CDUko kristau-demokratak gailenduko dira, bigarrena eskuin muturreko Alice Weidelen AfD izango da, eta gobernua eratu ahal izango dute. Egingo dute? CDUk hainbat ate ireki ditu azkenotan, eta Elon Musk lagun, badirudi baietz.
Eta Espainian? Pedro Sánchezen gobernuaren zailtasunekin, Espainiako eskuin batua –PP-Vox, bat bitan– lanean ari da datozen hilabeteei begira, edo asko jota, 2027ari so. Ipar-mendebaldeko haizea lagun dute. Fernández-Villaverdek ez zuen esan zer egin beharko litzatekeen “karlista” modernoekin, baina haren pentsamendua irakurtzea ere ez da horren gaitza kasu honetan. Voxek bere programan du alderdi abertzaleak legez kanpo jartzea, PPko Isabel Díaz Ayuso ados dago, eta popularren beste hainbat “baroi” ere bai. Muturreko beldurrak izoztu egiten du bat, baina beldurrik ez izateak inozotu.