argia.eus
INPRIMATU
Trumpen probokazioa: hemen ere gerta daiteke
  • Kolpeak edo maskaradak porrot egin badu ere, azken probokazio trumptarrak AEBetako instituzionalitate guztia dilema erradikal eta traumatiko batean murgildu du: edo gertatua bere horretan utzi eta ea Bidenen etorrerak urak baretzen dituen, edo eskarmentutzat balio dezan bere indar guztia erabili oraindik Etxe Zurian maizter dagoenaren gain.

     

El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto Vicente Rubio-Pueyo @vrupu 2021eko urtarrilaren 08a
Argazkia: CQ-Roll Call

Urtarrilaren 6an, asteazkenean, Estatu Batuek txundituta ikusi behar izan zuten espektakulu bat inoiz ikusi gabea ez bere historian (bere inperioa egon da iraganean herrialde askotan gertatutako antzeko une askoren atzean) baina bai bere etxean bertan. Trump presidenteak deituta, Kapitolioan sartu ziren manifestariak –poliziek ateak irekitzea ez beste guztiak erraztuta–, eraikina hustu erazi zuten eta eten egin zuten azaroko hauteskundeen emaitzak (gehi Georgiakoak, asteartean eginak) ziurtatu behar zituen bilkura.

Kolpe ahalegin bat? Seguruenik zerbait sinpleago eta ez hain arriskutsua (oraingoz), baina edonola ere nahasgarria. Neurri batean, Kapitolioan gertatutakoa izan da lau urte hauen itxierarik perfektu eta egokiena, Trumpek eta bere gobernuak egin eta ordezkatu duen guztiaren itxiera.

Uste dut burura datozkigula Marxen Brumarioaren 18a-ko pasarte ospetsu haiek. Trumpen gobernua fartsa bat bezala hasi zen, Trump Towerreko eskailera mekanikoetan egindako jaitsierarekin. Tragedia gisa jarraitu zuen, herritar afroamerikarren errepresioaren eta hilketarekin, migratzaileen jazarpenarekin, haurren kaiolaratzearekin, manifestarien kriminalizazioarekin eta egunero zabaldutako alarma-danbor hotsekin. Trumpek amaiera eman dio hirugarren ekitaldi batekin, fartsara itzuliz (espero dezagun azken bira tragiko bat ez gertatzea).

Trumpistak Kapitolioan sartzean ikusitako irudiek erakusten dute paranoia, ergelkeria, beldur hutsa, maskara eta bizar faltsu beharrik gabe baina jantzita tatuaje nahasiz, parafernalia militarrez, kamiseta naziz eta bikingoen sinbologiaz. Baita otso larruz ere, Senatuko oholtzara igo zen manifestari hura zihoan bezala, historia bufoak gordeko duen argazkia eskainiz. Bandera konfederatuak Kapitolioko korridoreetan. Kalean urkamendiak eta gurutzeak, Ku Klux Klan estilorik garbienean. Iraganak alokatutako mozorroak (berriro Marx). Inkontzientea, herrialde baten 'ni' basati hori, azaleratu eta batetik bestera, ergelak zaratatsu eta amorratuta korridore desertuetan korrika eta oihuka: "Non sartu dira?".

Agian, irudi barregarri edo dramatiko horiek balio izan digute trumpismoaren zera hau adierazteko: neoliberalismoaren lapikoaren hondoan zer kraka ideologiko utzi dituen neoliberalismoak –hamarkada luzeotako hegemonia osoaren amaieran– bere bakarrizketaz nekatuta berak sortutako mamuen artean harrapatuta geratu denean. Maila sinboliko batean, egun hau AEBetako erakundeen umiliazioarena izan da. Trumpen aroaren ostikadak (azken ostikadak?), Twitterren Keeanga-Yamahtta Taylorrek iradoki bezala, adierazten du eszepzionalismo iparramerikarraren amaiera. 1940ko hamarkadan Sinclair Lewisek It can 't happen here (Hori ezin da hemen gertatu) eleberri ospetsuan narrazio distopiko baten bidez ohartarazten zuen Estatu Batuetan lider faxista bat agintera igotzeko arriskuaz. Joan den asteazkenekoak kendu die arrazoia Lewisen tituluak kritikatzen zituen sinesgogorrei: hori hemen gerta daiteke, hori hemen gertatu egin da, hori hemen Trump iritsi baino askoz lehenagotik aritu da egosten.

Izan ere, komeni da ikusitakoaren bufoikeria-itxurari bakarrik ez erreparatzea. Oraingoz, lau pertsona hil dira [itzulpen hau argitaratzeko orduan bost dira hildakoak, Erredakzioaren Oharra]. Eta are odoltsuagoa ere gertatu ahal izan zen eguna: bi lehergailu aurkitu dituzte, alderdi demokrataren eta errepublikanoaren egoitzen aurka zuzenduak. Bestalde, eraso hau entsegu bat baino izan ez dela ere esaten da, balitekeela gehiago gertatzea hurrengo egunetan, 20a iritsi arte, Bidenen agintealdiaren hasiera arte.

Laleh Khalili politologoak esan duenez, itxura kaotiko eta zakarra eduki arren erasoa ez da bat-bateko ekintza moduan ulertu behar, ahalegin koordinatu baten zatitzat baizik: erasoak oihartzunak eduki ditu hamar estatutako kapitolioetan, ondorio txikiago eta anitzagoekin, eta eduki lezakete –Khaliliren arabera– jende berriak erreklutatu eta afera internazionalizatzeko helburua, erasoan hainbat herrialdetako banderen presentziak erakusten duenez.

Horri gehitu poliziaren jarrera gehitu behar zaio, hainbat bideok erakusten dutenez, manifestariei pasatzen utzi baitie. Onberatasunez pentsa genezake polizien jarrera indibidualen ondorioa izan ote den. Alabaina, manifestari trumpistekiko eskuzabaltasun hori... 1) ez da gertakizun isolatua, askotan frogatu den bezala; eta 2) bat egiten du trumpismoan indartzen ari den joera batekin, Jeff Sharlet idazleak nazionalismo poliziala deitu duenarekin, Black Lives Matter protesten aurrean indartu den joerarekin: indar polizialekiko sinpatiak azpian gorderik darama arrazismo estrukturalarekiko atxikimendu sakona, hori amerikano izatearekin parekatzen duena.

Adi egon behar dugu –eta Poulantzasen begietatik erreparatu– ea zer jarrera hartzen duten errepresio-aparatuek. Rafael Khachaturian politologoak –Poulantzesen jarraitzailea, bera– gogoratzen zuen bezala, Estatu sakona deiturikoa, hainbeste konspirazio-teoria eragin dituena hain zuzen, ez da izaki bateratu bat inondik ere, bere baitako aparatuen arteko zatiketak erakutsi izan ditu: polizia sail asko, mugako patruilak eta etorkinen sarrera eragozten duen ICE (Immigration and Customs Enforcement) zerbitzua behin eta berriz nabarmendu dira Trumpen alde. Aldiz, segurtasun agentzia nazionalak, FBI eta CIA,  oro har Trumpen aurkako agertu dira.

Azken finean, baliteke sasi-kolpe edo proto-kolpe honek dramaturgia irrigarri eta ahula eduki izana. Baina Richard Seymourrek dioen bezala, ergelkeria horrek ez dio kentzen faxistatik duena, eta pentsa genezake asteazkenekoa izan dela bat gehiago ultraeskuinaren sektore batzuek egin dituzten esperimentu, janzkera-proba eta kaletik bezala Estatuaren aparatuetatik elkar erradikalizatzeko prozesuetan; eta urrats horiek ekar dezaketela ultraeskuin osoki antolatu baten agertzea, parlamentuz kanpokoa, bai, baina ultraeskuin erabat kolpista eta, batik bat, askoz sendoago antolatua. Lehenagoko artikulu batean esan genuenez, eragin lezaketela joera, sentsibilitate eta jarrera indibidualak pixkanaka kristalizatzea antolakizun koherenteago eta  askoz arriskutsuagoan.

(...) Joan den asteazken nahasia arte uste nuen –beste batzuek bezala– AEBetako sistema politikoak ez zuela hartuko Trumpen aurkako errepresaliarik. Baina azken jukutria odoltsu hau, aldi berean izan dena fartsa eta tragedia, umiliazioa da sistema osoarentzako, orban barkaezin bat bere buruaz sistemak daukan ametsezko irudi guztiz garbiarentzako.

Ez dut sinesten erakunde horien berezko ontasun edo justizian, baina uste dut estatu arrazoi –inperio arrazoi– gogorrenak behartzen dituela Estatu Batuak Trump eraistera. Ez dago "Estatu serio" bakar bat –hala idatziko luke CIAk beste edozein herrialdetako enbaxada batetik– horrelako zerbait pasatzen utz dezakeenik. Nolanahi ere, pailazo tragiko honi amaiera emateko arrazoirik garrantzitsuena demokraziaren beraren biziraupena da eta demokrazia hori gauzatu, praktikatu eta eraldatuko duen gizarte batena. Hemen ere gerta daiteke?

(*) Vicente Rubio-Pueyo irakaslea da New Yorkeko Fordham unibertsitatean.