USAIDen inguruko txolopotearen ondoren, espero beharrekoa zen. Baina, hala ere, urte askotan haien jarraitzaileak izan garenok, samin-puntu batekin hartu dugu albistea. Martxoaren 15ean, Trump administrazioak, kolpetik, erabat itxi baitu United States Agency for Global Media (USAGM) erakunde ofizialak finantzatutako hedabide “pribatuen” sorta.
Hauek dira itxitako hedabide batzuk: Voice of America (VOA), Radio Free Europe/Radio Liberty (RFE/RL), Radio Free Asia (RFA), Middle East Broadcasting Networks (MEBN), Radio y Televisión Martí, eta abar. Beraz, alferrik itxarongo duzue hemendik aurrera orain arte behin baino gehiagotan hemen izan ditugun haien atal digitalen aipamen-estekarik.
Pena dela diot, beraiek izan ezik inork gutxik ukatuko dien erabateko tasun propagandistikoa (baita desinformazio hutsekoa ere, askotan) eta guzti, jakinbide iturri zirelako. “Ingeniaritza inbertso” moduko bat eginda: AEBetan unean uneko administrazioak herrialde edo gorabehera jakin batzuen inguruan zerabiltzan gurarien eta lehentasunen termometro doiak ziren. Besterik apenas genuenontzat.
Gerra Hotzaren amaiera ofizialak lortu ez zuena, beraz, aldebakarreko erabakiz etorri da. Ez, haatik, haserre eta iskanbilarik gabe.
Trumpen, eta ixteko erabakiaren sustatzaile sutsua izan den Musken, arrazoibideak AEBetako barne politikakoak dira guztiz: hedabide-multzo hori demokratei salduta omen zegoen (!), ideologia ezkertiarrak baino ez omen ditu hauspotu (!!), eta abar. Milioidunen Kultur Iraultzak irakinean jarraitzen du: bonbardatu kuartel nagusia!
Lanik gabe geratuko omen diren 1.300 lagunekin batera, erabakiaren aurka hitza atera duten gainerakoen argudio potoloa, aldiz, kanpora begirakoa izan da: AEBen etsaientzat sekulako oparia omen da, RFE/RL-ko arduradun gorenak izendatuki esan duen moduan. Herrialdeen arteko bakezko hartu-eman normalizatuekin oso uztargarria ez dirudien beligerantzia mozorrotu gabe jada, jakina. Hartarako sortuak ziren eta.
Hedabide horiek ixteak Txinari egingo omen dion mesedea eta emango dion atsegina da, noski, arrazoibide horren gandorra. “Infernuko poza” izenburu izan zezaketen saski-naskiak ere idatzi dira, gordinak eta egosiak tentuz nahastuz.
Pekineko agintearen iritzi ofizialaren antzekotzat har litekeen Global Times-en editorialak ez dio muzin egiten itxierari, ez horixe. Baina sakonera-karga batekin amaitzeko: “Informazioaren aroan, Mendebaldeko hedabide tradizional batzuen eskuetan zegoen informazio-monopolioa pikutara joaten ari da. VOAk 'gezur-lantegi' gisa eduki duen kontakizun-hegemonia bideotxo batekin puska daiteke...”.
Biharko egunean, halakoak berregiteko asmoak burutik kentzeko, agian.