argia.eus
INPRIMATU
Lau hildako Trumpen jarraitzaileek AEBetako kongresua asaltoz hartu ostean
  • Azaroko hauteskundeko emaitzak berresteko saioa gauzatu bitartean, Kapitolio inguruak hartu dituzte Donald Trump presidente ohiaren jarraitzaileek. Protestan bildutakoek poliziaren lerroa gainditu eta eraikinera sartu dira, horietako asko paretetan gora igota, istiluak eraginez. Saioa eten badute ere, handik zenbait ordutara berretsi dute Bidenen garaipena. Guztira lau hildako izan direla jakinarazi du Washingtoneko Poliziak.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 07a
AEBetako Kapitolioa Trumpen aldeko jarraitzaileek asaltoz hartua. (Reuters)

AEBetako 20:00etan berrartu dute –Euskal Herrian goizaldeko 02:00– Joe Biden presidente gisa berresteko saioa Kapitolioan. Biden hautagai demokrata garaile atera zen azaroan egindako hauteskundeetan, eta igandean ekin diote bozen emaitzak berresteko saioari Washingtonen kokatutako Kapitolioan. Senatuko eta Ordezkarien Ganberako ordezkariak hauteskunde prozesuko azken pausoari bide emateko bilduak zirela, saioa eten egin behar izan dute, Donald Trumpen jarraitzaileen protesten ondorioz.

Bidenen garaipena ez du onartu Trumpek, eta honen jarraitzaileek defendatzen dute iruzurra egon dela hauteskundeetan eta azken lau urteetako presidentearen milaka bozka ostu dituztela. Hori horrela, presidente ohiaren aldekoak Kapitolio kanpoan bildu dira asteazkenean, saioan parte hartzen ari ziren ordezkari politikoei presioa egiteko helburuz. Eraikinaren inguruetan hasitako protestak, baina, polizia heziak gainditu eta Kapitolio barrurako bidea hartu zuen.

Trumpen ehunka jarraitzaile sartu ziren eraikinera, eta hainbat senatari bertatik atera behar izan zituzten. Sarean aurki daitezkeen hainbat irudik erakusten duten moduan, Poliziak berak ireki zizkien heziak protestan ari zirenei:

AEBetan 19:00ak zirenerako egoera baretzen hasia zen eta senatariak ganberara itzultzeari ekin diote. Trumpek berak ere bere jarraitzaileei eskatu die eraikinetik ateratzeko eta etxera joateko. Halere, hauteskunde iruzurraren tesiei eutsi die eta Twitterrek bere kontua desaktibatu du 12 ordutarako eta Instagramek egun baterako. 20:00ak bueltan berrartu dute kongresuan saioa.

Protestariak Kapitolio barruan sartu ostean, tiroketa jazo da, eta gutxira emakume baten heriotzaren berri eman du Washingtongo poliziak. Beranduago, baina, hildakoak lau izan direla jakinarazi dute. Lehen hildakoa poliziaren tiroketari egozten zaio.

Floyden hilketagatik egindako protestetan, bestelako erantzuna

Poliziak protestan honen aurrean eta George Floyden hilketagatik burututako protesten aurrean egindako eskuartzeen artean konparaketa egin du hainbatek, erantzunaren munta ez baita inolaz ere berbera. Asteazkeneko oldarraldian poliziak manifestariei hezia irekitzen zien bitartean, gisa honetara zeuden Kapitolio inguruak Floyden hilketaren harira Washingtoneko kaleetan protestak gauzatu bitartean:
 

 

Black Lives Matter mugimendua argi mintzatu zen asteazkenean sare sozialen bidez: "Gaur gertatzen ari dena beltzen aurkako indarkeria supremazista txuriaren historia luzearen eskutik dator. Terrorista supremazista zuriak prest daude zauritzeko, kaltetzeko eta hiltzeko, beren buruak eta beren zuritasuna babesteko".

Asaltoa argazkitan