Azken egunetako giroa baretzeko asmoz eta Ukrainako Gerraren bukaeraz hitz egiteko elkartuko dira Trumpekin, ondoko astean, Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Keir Starmer Erresuma Batuko Lehen ministroa. Auzi bera aipagai, ostegun honetan elkartzekoak dira ere G20-ko Kanpoko Aferen ministroak.
"Bilera eraikitzailea" izatea espero du Volodimir Zelenskik. Ukraina eta AEBen arteko harremanak tentsio handikoak direla, Etxe Zuriaren Ukrainako gerrarako ordezkaria den Keith Kellogg-ekin bilduko da otsailaren 20 honetan Ukrainako presidentea. Ondoko mezuarekin erantzun die azken egunetan Donald Trump AEBetako presidenteak luzatu dizkion mehatxu eta irainei: "Gure geroa ez da Putinekin, bakearekin baizik. Hautu hori egin behar dugu guztiok –batez ere boteretsuenek–, edo bakearen alde kokatzen gara, edo Putinen alde".
Ukrainaren gerra hasi izana leporatu dio Zelenskiri Trumpek, "diktadore" deituz, gainera, Ukrainako presidentea. Aste hastapenean batzartu ziren Saudi Arabian AEBak eta Errusia, gerra horri eman beharreko bukaeraz hitz egiteko. Bertaratzeko gomita jaso ez izana salatu zuen Zelenskik, Ukrainaren inguruko erabakiak Ukraina kontuan hartu gabe hartzen ari direla deitoratuta. Saudi Arabiako bilerak Etxe Zuriaren eta Kremlinen arteko elkarlanerako "oinarriak jartzeko" balio izan zuen, AEBetako Estatu Idazkaritzak kaleratutako ohar baten arabera.
Giroa lasaitzeko edo, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak zehaztu izan du geroztik, Europar Batasunak parte hartzen ahalko duela negoziazioetan. Datorren astean bilduko dira Trumpekin Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Keir Starmer Erresuma Batuko Lehen ministroa, "Europaren ahotsa entzunarazteko asmoz".
Ukraina sostengatuz gerra bultzatzen aritu bada Joe Bidenen administrazioa, badirudi Errusiaren zenbait exijentzia onartu eta gerra bukatzearen aldeko hautua egin duela Donald Trumpenak. IFW Munduko Ekonomiarentzako Kieleko Institutuaren datuei segi, 2022ko urtarriletik 2024ko abendura, 114.000 milioi dolarrekoa izan da AEBek Kievi bideratu laguntza –Europar Batasunarena, berriz, 132.000 milioi eurokoa izan da–.
Aldaketa geopolitiko horren parean, birkokatu beharra dute munduko estatuek zein instituzioek, postura amankomun bat adostea izanik erronka nagusietarikoa. G20-ko Kanpoko Aferen ministroak elkartzekoak dira ostegun honetan Hegoafrikan, zehazki Ukrainako gerraz mintzatzeko. AEBak ez dira bertaratuko, ofizialki Hegoafrikarekin dituzten "gatazka ideologikoengatik".
Europaren defentsaren eta Ukrainaren etorkizunaren inguruko bide orri bateratu bat zehaztu nahian dabiltza Europako agintariak ere. Horretarako elkartu ziren astelehenean Parisen zazpi estatu europar indartsuenak –Erresuma Batua, Alemania, Espainiako Estatua, Italia, Polonia, Herbehereak, Danimarka eta Frantziako Estatua–, baita Europako Batzordeko, Europar Kontseiluko eta NATOko delegazioak ere. Parisen elkarturiko zazpi horien artean Europako kontinentearen defentsa-gastuaren ia bi heren (% 65) eta militarraren heren bat (% 35) ordezkatzen dituzte.
NATOren barneko desadostasunak ikusita –nagusiki, azken egunetako AEBen aldaketa drastikoa dela eta–, "defentsa bateratua indartu" beharra lehentsi dute Pariseko bileran, eta hori, herrialde bakoitzak bere gastu militarra igota. Zenbatetaraino igo? Horrek erantzunik gabeko galdera izaten segitzen du, hain justu, desadostasun handiak dituztelako beraien artean.
Errusia "[Europako] kontinentearentzako mehatxu existentziala" dela berretsirik, bideokonferentziaz elkartu zituen asteazkenean Macronek hemeretzi estatu-ordezkari, bertan zirela Europakoak, baita Europatik kanpokoak, baina NATOko kideak direnak ere.