argia.eus
INPRIMATU
Trumpek Gazarako proposatutako garbiketa etnikoak hautsak harrotu ditu nazioartean eta AEBetan
  • AEBetako presidentearen Gazako palestinarrak kanporatzeko asmoak aurkako erreakzio ugari eragin ditu nazioarteko nahiz herrialdeko politikan, baita Alderdi Errepublikanoan ere. Gehienek "garbiketa etnikoa" sustatzea egotzi diote, baina Trumpek bere asmoa berresten jarraitzen du. 

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 06a
Donald Trump AEBetako presidentea Gage Skidmore (CC BY-SA 2.0)

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk asteartean Etxe Zurira eginiko bisitarekin batera, Donald Trumpek Gazako Zerrendan bizi diren 1,8 milioi palestinarrak kanporatzeko eta bertan "garapen ekonomikoa" sortzeko plana zuela adierazi zuen, "eskualdeko jendearentzako lanpostu ugari eta etxeak eraikitzeko". Gaitzespen ugari jaso arren, AEBetako presidenteak bere asmoa berretsi du Truth Social sarean argitaratutako mezu batean: "Palestinarrak leku politagoetara eta seguroagoetara lekualdatuko dira".

Palestinak Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak, Riyad Mansourrek, berehala kritikatu zuen Etxe Zuriko maizter berria kazetarien aurrean eginiko prentsaurrean: "Gure lurraldea gure lurraldea da. Palestinarrek Gaza berreraiki nahi dute, eskolak, ospitaleak, azpiegiturak, hangoak direlako eta han bizitzea maite dutelako". Bestalde, Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaile Volker Turkek gogorarazi dio Trumpi lurralde okupatu bateko pertsonak lekualdatzera behartzea "erabat debekatuta" dagoela nazioarteko legedian.

AEBetako politikariei dagokionez, Alderdi Demokrataren baitan kongresista ugarik altxatu dute ahotsa Trumpen adierazpenen aurka, Al Jazeera hedabideak jaso duenez. Esaterako, Rashid Tlaib palestinar-estatubatuarrak AEBetako presidentearen plana "garbiketa etnikoaren aldeko aldarrikapena" dela uste du, eta Eric Swalwellek Trumpek hauteskunde kanpainaren "hipokresia" salatu du: "Gerrarik ez zela egongo esan ziguten, eta orain Gaza okupatu behar dugu?"

Errepublikanoen artean ere zatiketa

Alderdi Errepublikanoko politikarien artean bi aldeetako ahotsak nabarmendu dira Trumpek Gaza Ekialde Hurbileko "Riviera" berria bilakatzeko adierazitako asmoan: Marco Rubio Estatu idazkariak esan du proposamenak eskualdean "bakea" sustatu nahi duela, Gaza "berriro eder" egiteko. Halaber, Kentucky estatuko senatari errepublikano Rand Paulek lurralde bat okupatzeko beharrik ez dagoela esan du: "Uste nuen America First (Amerika lehendabizi) bozkatu genuela."