AEBetako Silicon Valley hamarkadetan demokraten gotorlekua izan da. Orain, Donald Trumpen alderako bira egin du. Teknologia-enpresa handiek eta haien buruek, munduko aberatsenek, hautagai errepublikarrari lagundu diote garaipena lortzen.
Publico hedabideak landutako artikulu luzean, azken hauteskundeetan Trump hautagai errepublikarrarentzat diru emaile izan diren aberatsenen errepasoa egin dute. Artikuluak laburbildu duenez, Silicon Valley, Wall Street eta Ekonomia Zaharrak, hirurek, errepublikarraren alderako bidea egin dute. Silicon Valleyri buruz hala adierazi du: “Eskuinera jotzen ari da, eskrupulurik gabe”. Hedabideak gogoratu du inbertsio-enpresek eta petrolio-industriak errepublikarren aldean egoten jarraitzen dutela. Eta teknologia-enpresa handiak, berriz, aldez aldatu dira Adimen Artifizialarentzat, kriptomonetentzat eta teknologia militarrarentzat une erabakigarrian.
Publico-k Trumpek diru-emaile izan dituen aberatsak nola limurtu dituen kontatzen du erreportajean eta Democracy aholkularitzako kide baten esaldia jaso du: "Trumpek esan zien, gorritu gabe, bere hautagaitzari milioika dolar ematen bazizkioten, beharrezkotzat jotzen zuten bezala arautzeko ahalegin guztia egingo zuela".
Elon Musk, laguntzailerik finena
Trumpi presidente izaten gehien lagundu dion ultra-aberatsa da Musk, Teslaren eta X sare sozialaren jabea eta munduko pertsonari aberatsenetakoa. Ofizialki 130 milioi dolar eman dizkio hautagai errepublikarrari kanpainarako. Ordainetan erakundeak eta agentzia federalak gogorki murrizteko misioa izango du, hala, ongizate estatu ahula “are gehiago txikitzeko” aukera izango du. Publico-k dioenez, Trumpek Muskekin adostu du hurrengo hamarkadan defizita eta zorra “gobernu murrizketen artaziz” zuzentzea. Zenbait ahotsek diote Trumpen agintaldian Muskek arduraren bat har dezakeela administrazioan, nahiz eta sektore publikoan ez daukan inolako esperientziarik.
Jeff Bezos, The Washington Post-en talaiatik
Jeff Bezos da Trumpen alde egin duen beste aberatsetako bat. Bezosek esan duenez, Trumpi zor zaio “beste ezein naziok baino aukera gehiago ematea” eta “maite dugun Amerika batzeko” gaitasuna duen politikari bakarra izatea. Gaur egun The Washington Post egunkariaren jabea da eta iragan berri diren hauteskundeetan, Gorka Peñagarikanok artikulu honetan landu zuenez, hamarkadan lehen aldiz, egunkariak ez du hautagai demokrataren edo errepublikarraren aldeko jarrerarik hartu. 2008tik 2020ra arteko hauteskunde guztietan hautagai demokraten alde egin zuen egunkariak.
Mark Zuckerberg-ek ere pastel zatia nahi du
Mark Zuckerberg Metaren burua da. Meta monopolioen aurkako lege gogorrek zaintzen duten beste enpresetako bat da. Trump gobernuan dela, Publico-k dio, araudi aldaketez edo “inpartzialtasun zalantzagarriko erabaki judizialez” balia daitekeela. 2019an, publikoki babestu zuen gaur egungo AEBetako presidentea.