argia.eus
INPRIMATU
Trumpen aurkako bigarren epaiketa politikoa egingo dute
  • Ordezkarien ganberak asteazkenean erabaki du gobernuburuaren aurkako bigarren impeachment prozesu bati ekitea. 232 botok aukera horren alde egin dute, tartean egonik 10 ordezkari errepublikanoren bozkak. Aurreratu dutenez, epaiketa ez da hasiko hilaren 19a baino lehen.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 14a
(Argazkia: Gage Skidmore)

Asteazkenean AEBetako Ordezkarien Ganberak erabakitakoaren ondotik, bigarrenez epaituko dute Donald Trump. Hala, estatuburua bi impeachment prozesuri aurre egin dien lehen presidentea bilakatuko da AEBetako historian.

Epaiketa politikoa egiteko erabakia Alderdi Demokratikoaren ekimenez hartu da. Kapitolioko gertakizunen erantzule egin nahi izan baitu Trump. Epaiketaren bidea hartu aurretik, Mike Pence presidenteordeari Trump kargugabetzeko eskaria egin zioten, baina hark baztertu egin zuen aukera hori, horrek gauzak gehiago "sutuko" zituela argudiatuz. Hala bada, epaiketa politikoaren aukera baliatu dute, eta asteazkenen arratsaldean –Euskal Herrian gaueko 22:30ak inguru zirela– bildu zen Ordezkarien Ganbera Washingtonen, epaiketaren gainean bozkatzeko. Trumpen aurkako epaiketa politikoa abian jartzearen aldeko postura gailendu zen, aukera horren aldeko 232 boto zenbatu baitziren, horietatik 10 ordezkari errepublikanoenak izanik. Kontrako bozkak 197 izan ziren.

Presidentetzarako hautagai Joe Bidenek ontzat eman du erabakia, baina azpimarratu Senatuari dagokiola epaiketa saioak aurrera eramatea. Errepublikanoen senatuko buruzagi Mitch McConnellek jakinarazi du epaiketa ez dela hilaren 19a baino lehen hasiko, eta ez duela argi zer bozkatuko duen. Senatuan, Trump erruduntzat jotzeko, goi ganberako senatarien bi herenek bozkatu beharko dute haren aurka.