'Murrua eraikitzen dugu' kanpainan donazio pribatuen bidez lortutako 25 milioi dolarren zati bat poltsikoratzea leporatzen diote Steve Bannoni eta beste hiru laguni, denak pertsonalitate garrantzitsuak.
Atxiloketak ostegunean egin ditu Poliziak, Mexikoko murrua eraikitzeko kanpainarako bildutako dirua erabiltzeagatik iruzurra egitea egotzita, Audrey Strauss New Yorkeko fiskalak jakinarazi duenez.
Fiskaltzaren arabera, Bannon eta enparauek kanpainako funtsak erabili zituzten beren gastu pertsonalak ordaintzeko. AEBetako presidente Donald Trumpen aholkulari ohiari ehunka mila dolar gastatzea leporatzen zaio. Ostegun honetan bertan New Yorkeko audientzia aretoan deklarazioa egitea espero da. Beste hiru atxilotuak Timothy Shea, maiatzean Drogen aurka Borrokatzeko Zuzendaritzako jarduneko administratzaile izendatua, Brian Kolfage, Irakeko gerrako beteranoa, eta Andrew Badolato dira.
"Kolfagek, Bannonek, Badolatok eta Sheak ehunka mila dolar jaso zituzten 'Murrua eraikitzen dugu' kanpainaren emaileengandik, eta erakundearen asmo publikoarekin bat ez datorren moduan erabili zuten", adierazi du fiskalaren komunikatuak. "Bannonek milioi bat dolar jaso zituen bere kontrolpeko irabazi asmorik gabeko erakunde baten bidez, eta gutxienez ehunka mila dolar bere gastu pertsonalak ordaintzeko erabili zituen".
Fiskalaren akusazioaren arabera, akusatuek ehunka mila emaileri “iruzur” egin zieten, milioika dolar biltzeko mugako murru bat finantzatzeko interesa kapitalizatuz, diru hori guztia eraikuntzan gastatuko zela esanez. Brian Kolfagek emaileei zentabo bat ere ez zuela jasoko ziurtatzen zien bitartean, “akusatuek isilpean hari milaka dolar transferitu zizkioten, bere bizimodu arranditsua finantzatzeko erabili zituenak", gaineratu du.
Fiskaltzak “iruzur elektronikoa egiteko konspirazioa” eta “dirua zuritzeko konspirazioa” leporatu die. Bi karguek 20 urteko kartzela zigorra dute gehienez. Philip R. Bartlett ikuskatzaileak adierazi duenez, "kasu honek beste iruzurgile batzuei ohartarazi beharko lieke inor ez dagoela legearen gainetik, ezta gerrako beteranoa edo estratega politiko milioiduna izanik ere".