argia.eus
INPRIMATU
Kazetari estatubatuar batek AEBek hutien aurka eginiko erasoen berri zuen, gertatu aurretik
  • Signal aplikazioaren talde batera sartzeko gonbidapena iritsi zitzaion Jeffrey Goldberg The Atlantic hedabideko editoreari, Michael Waltz AEBetako Segurtasun Nazionalerako aholkulariak bidalia. Yemengo hutien aurkako erasoak koordinatzeko erabiltzen zuten taldea Trumpen gobernuko kideek.  

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko martxoaren 26a
AEBen bonbardeketek zauritu zuten haur bat, Sanaako ospitalean. Reuters / Naif Rahma

Areagotu egin dituzte AEBek Yemengo hutien aurkako erasoak azken egunetan: martxoaren 15eko gauean, esaterako, eraso "erabakigarria eta bortitza" burutu zuten Sanaa hiriburuan, Donald Trump AEBetako presidenteak ondoren adierazi zuen bezala, eta gutxienez 50 pertsona hil zituzten, Yemengo agintarien arabera. Bada, kazetari estatubatuar batek bonbardeketen berri zuen horiek gertatu aurretik: Jeffrei Goldberg The Atlantic hedabideko editoreak.

Goldberg berak astelehenean hedabide horretan argitaratutako artikulu batean azaltzen duenez, martxoaren 11n Signal aplikazioan talde batera sartzeko gonbidapena jaso zuen, Michael Waltz AEBetako Segurtasun Nazionalerako aholkulariak bidalia. Kazetariak berak esaten du hasieran "txantxa bat" zela uste zuela, baina ez; behin taldean sartuta, konturatu zen Waltzez gain Trumpen administrazioko kide asko zeudela talde horretan: besteak beste, presidenteorde JD Vance, Marco Rubio Estatu idazkaria, Pete Hegseth Defentsa idazkaria eta Tulsi Gabbard Segurtasun Nazionaleko idazkaria.

Taldean sartu eta berehala, Waltzek honako mezu hau bidali zuen: "Talde hau hutien aurkako erasoak koordinatzeko sortu da, batez ere hurrengo 72 ordutarako". Denbora batez Yemengo matxinoen aurkako erasoen eraginkortasunaz eztabaidatzen aritu ondoren, Vance presidenteordeak adierazi zuen "nazkatuta" dagoela Europa "arazoetatik ateratzeaz": izan ere, AEBetako Gobernu berria behin eta berriz kexatu da Europako herrialdeak "ekonomikoki baliatzen" direla itsas komertzioan barku estatubatuarrek eskaintzen dieten "laguntzaz".

Signaleko taldean Trumpeko administrazioko kideek eduki zuten elkarrizketa. Jeffrey Goldberg

Hutien aurkako erasoen aurrerapena

Lau egun geroago, erasoen egun berean, Hegsethek eman zuen AEBetako administrazioaren asmoen berri: Washingtonen 11:30ak zirela –Euskal Herrian 18:30ak–, Defentsa idazkariak aurreratu zuen Yemengo hiriburuaren aurkako bonbardaketak bi ordu barru gauzatuko zirela. Eta, kazetariaren harridurarako, hala gertatu ziren: AEBetako hiriburuan 13:50 zirela iritsi ziren Yemengo lehen bonbardaketen albisteak. Berehala, Waltzek "lan ikaragarria" mezua bidali zuen taldera.

Goldbergek gertakariaren berri eman ondoren, Trumpek kazetarien galderei ezjakintasunez erantzun zien astelehenean: "Ez dakit ezer. Ez naiz The Atlantic-en zale handia. Desagertzera bidean doan hedabide bat da". Hegsethek ere kazetarien galderei erantzun behar izan zien Hawaiiko aire basera heltzean. "Inork ez zuen gerrarako planik bidali eta hori da esateko dudan guztia". 

Signal aplikazioa 2010ean sortu zuten Moxie Marlinspike segurtasun informatikoko espezialistak eta Stuart Anderson robotikako adituak. 2015ean, CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaren langile ohi batek, Edward Snowdenek, goraipatu egin zuen aplikazioaren segurtasuna: hain zuzen, mezuak enkriptatuta bidaltzen dira, eta ez dira deszifratzen hartzaileari iritsi arte. "Ezin ditugu zure mezuak irakurri, ezta zure deiak entzun ere. Ez guk ez beste inork", azaltzen du Signalek bere webgunean.