Dakota Acces Pipeline oliobidea eraikitzen ari den enpresak Greenpeace eta beste talde ekologista batzuk salatu ditu 300 milioi dolar eskatuz. Trumpen abokatuak arduratu dira salaketa jartzeaz.
Terrorismoa, iruzurra eta difamazioa egitea akusatu die enpresak talde ekologistei. Enpresaren gaineko gezurrak zabaldu dituztelakoan salatu ditu, jendea engainatu eta diru laguntzak jasotzeko. “Mota guztietako aktibitate kriminalak” egitea leporatzen die konpainiak mugimendu ekologistei, “eko-terrorismotik” droga trafikoraino.
Energy Transfer Partners enpresak erabili duen abokatuen bufetea, Trump presidentearen bera da. Presidentearen eta enpresaren harreman estua salatu izan dute askotan; besteak beste, 500.000 dolarreko laguntza jarri zuen enpresak Trumpen kanpainaren alde.
Greenpeacek estortsio gisa hartu du salaketa, “korporazioen borrero eredua da hau, Trumpek bidea zabaltzen dien bitartean”.
Gatazka ugari sortu ditu oliobidearen proiektuak, izan ere, sioux komunitateen lurrak desjabetu eta euren bizi eredua arriskuan jarri ditu. Ekiditeko, erresistentzia eta protesta ugari antolatzen aritu dira azken urteetan. Errepresioa ere gogorra izan da, terrorismoaren kontrako legedia aplikatzeraino hainbat kasutan.