argia.eus
INPRIMATU
Trumpek kargutik kendu du AEBetako fiskal nagusia, etorkinei sartzea debekatzeko agindua legez kanpokotzat jotzeagatik
  • Joan den ostiralean Donald Trumpek sinatutako dekretuaren bidez, Washingtongo Gobernuak debekatu egin du zazpi herrialde musulmanetako biztanleak datozen hilabeteetan –Siriakoen kasuan, eperik gabe– AEBetan sartzea. Sally Yates fiskal nagusiak gutun bidez adierazi zien Justizia Saileko abokatuei ez zuela uste neurria “legezkoa zenik”, eta ez betetzeko eskatu zien. Handik hiru ordura kargutik kanpo zegoen.

ARGIA @argia 2017ko urtarrilaren 31
Sally Yates, orain arte AEBetako fiskal nagusia.

Barack Obamak izendatu zuen Yates, eta behin-behinean zegoen. Donald Trumpek iragarrita zuen Jeff Sesionsek hartuko zuela kargua Senatuak onespena eman bezain laster –ematen baldin badio–, baina Yates botatzeko ez itxarotea erabaki du, eta Dana Boente jarri du oraingoz fiskaltzako buru, Sessionsen izendapena gauzatu bitartean. Arrazakeriagatik eta emigrazio politikak biziki gogortzearen aldeko jarreragatik da ezaguna Sessions.

Kargugabetutako Sally Yatesi “emigrazio politikari dagokionez oso jokabide ahula” izatea leporatu diote Etxe Zuriko bozeramailek. “Bada garaia gure herrialdea behar bezala babesten hasteko. Zazpi leku arriskutsutatik datozenak zorroztasun handiagoz ikertzea ez da muturreko neurria, arrazoizkoa eta beharrezkoa da”.