argia.eus
INPRIMATU
Trumpek Hitler irakurri? Tira...

Mikel Aramendi 2024ko urtarrilaren 02a
Argazkia: Gage Skidmore / Wikimedia

AEBetako presidentetzarako hauteskunde-urtean sartu gara eta okatu arteko anoa irentsi beharko dugu datozen hilabeteetan. Probetxuzko zerbait ere agertuko da, ezinbestez. 

Nikki Haleyk 1861-1865ko Gerra Zibilaz duen iritzi “coolak” erakarri du batzuen arreta. Baina askoz ugariagoak izan dira Trumpek etorkinei buruz dionarekin asaldatu direnak. AEBko odola pozoitzen ari omen dira migrari malapartatuak. Presidente ohi/gaia halakoa denez, gainera, Haleyk bezala atzera egin edo gerizatu ordez, esana berresatera atera da, lotsarik gabe. Pentsatzen duena horixe delako, noski. Eta aurkariak zein lardatsak diren jakingo balu, zer esanik ez. 

Izan ere, giro liberalek su batean ekin diote Trumpen esanak Hitlerren eta nazismoaren iritziekin eta egintzekin uztartzeari. Hain gogotik ekin ere ezen Mein Kampf edo antzeko zerbaiten irakurle ere egin nahi izan baitute Trump. Ezetsiz haren biografo saiatuenek ziurtzat jotzen dutena: inoiz ez duela liburu bat irakurri, ezta “berak” idatzita argitaratuta dagoena ere. 

Korapiloa, ordea, katramilatzen da egiaztatzen denean –eta ez da zaila– Trumpek migratzaileei buruz darabiltzan esamolde horiek beroriek Estatu Batuetan bertan esku-eskura izan direla beti… Eta bertako migrazio-legeria historikoan hezurmamitu direla. 

Deigarria egiten da “etorkinek herrialdearen odola pozoitzen dutela” esana mahai gainean jarrita dagoenean, Madison Grant eta haren inguruko ekimen politikoen hizkera eta egikera inork ez aipatzea. Hitlerrek haren obrari “nire biblia” deitzen ziola ote? 

Bada M. Granten biografia bakarra izango den baina sarean eta doan dagoen Jonathan Spiro-ren idazlanean irakur liteke, beste asko eta askoren artean: 

"Kenneth Roberts-ek Saturday Evening Post egunkarian idatzi zuen immigrazioa 'Amerikaren zainetan diharduen pozoia' bezala zela; eta George Creel-ek Collier-en irakurleei esan zien, mugarik gabeko immigrazioaren ondorioz, 'gure bizimodu nazionaleko putzuak pozoitu egin dira, eta pozoituta jarraituko dute, sentimendua alde batera uzten ez bada sen onaren alde egiteko'. 

[…] 

"Denetan etorkinik zikinenak juduak ziren, zeinak, garbitasuna eta natura maite zuten nordikoen aldean, hiri handietako kiratsean pilatzeko joera bitxia zutela baitzirudien. Charles E. Woodruff, Madison Grantek irakurtzen eta miresten zituen liburuak zituen medikuak, juduak 'bizkarroi kaltegarriak' eta 'baziloak' zirela ohartarazi zuen. Haien immigrazioa 'gaixotasun infekzioso' bat bezalakoa zela, aberria inbaditzen zuena, eta haiei jazartzea 'beharrezko desinfekzio-prozesu' bati ekitea omen zen. Prescott F. Hall-ek ere esan zion Granti juduak 'gaixotasun infekziosoen ernamuinen' antzekoak zirela, eta 'belar gaizto' edo 'intsektu izurriteen' antzera tratatu behar zirela. Grant ados zegoen etorkin juduek antzinako amerikarren 'odola pozoitzeko' mehatxua zekartela; eta Kenneth Roberts-ek idatzi zuen juduak zirela 'benetako giza bizkarroiak'". 

Duela ehun urteko kontuak dira, 1922koak: Hitler kaporal desmobilizatua zen; eta Mein Kampf, asmoa ere ez oraindik.