argia.eus
INPRIMATU
Trumpek abiarazi egin du dagoeneko Mexiko-AEB hesiaren eraikuntza
  • Donald Trump presidenteak Mexiko eta AEBen artean hesia eraikitzeko lege dekretua sinatuko du gaur. Hauteskunde kanpainan behin eta berriz errepikatu zuen konpromisoetako bat da, immigrante ilegalen sarrera oztopatzeko.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2017ko urtarrilaren 25

Trumpek Twitter bidez eman zuen astearte gauean egitasmoaren berri: “Bihar segurtasun nazionalerako egun handia izango dela aurreikusten da. Beste hainbat gauzaren artean, hesia eraikiko dugu!”.

Hauteskunde kanpainan Trumpek mexikarren aurka egin zuen askotan, besteak beste handik iristen diren immigrante ilegalei “bortxatzaile” deituz. Presidente berriak hesia Mexikok ordainduko zuela esan arren, hauteskundeen ostean, haren lantaldeak hasierako inbertsioa estatubatuarrek ordaindu beharko zutela azaldu zuen. Beti ere amaieran mexikarrek ordaintzeko ideiarekin.

AEB eta Mexiko arteko mugak 3.200 kilometro ditu eta horietatik 1.000 kilometro daude hesituta. 2009an kaleratutako txosten baten arabera hesi bat eraikitzeak miliako (1,6 kilometro) 3,9 milioi dolarreko kostua izango luke.

Presidente errepublikarrak Siria, Irak, Iran, Libia, Somalia, Sudan eta Yemenetik iristen diren immigranteen etorrera ere mugatu nahi du, El Paísek jakin duenez. Behin-behinean errefuxiatuak heltzea galarazi nahi du eta aipatutako estatuetako hiritarren bisak blokeatu.

Oliobideen borrokak aurrera jarraitzen du

Bestalde, urtarrilaren 24an Dakota eta Keystoneko oliobideak aurrera jarraitzeko dekretua sinatu zuen Trumpek. Gizarteak, eta batez ere herri indigenek, gogor kritikatu izan dituzten proiektuak dira. Obamak agintaldiko azken hilabeteetan geldiaraziak zituen.

Dakotako oliobidearen kasuan, horren aurkako protestak hilabetez luzatu dira Standing Rocken. Siuxek, bertako beste hainbat tribuk eta ekologistek ur horniketan arazoak sor ditzakeela azaldu dute eta lur sakratuen suntsiketa dakarrela, oliobidea Oahe lakuaren azpitik igaroko baita.

Keystone XL oliobideak Kanada eta Nebraska lotu nahi ditu; ekologistek argudiatu dute kultur ondareei, ur hornikuntzari eta bertako komunitateei ondorio kaltegarriak eragingo dizkiela. Trumpek, berriz, esan du Ekialde Hurbilarekiko menpekotasuna murriztu nahi duela erabaki horrekin eta AEBetan lanpostuak sortu.

Enpresa horiekin negoziazioak abiatuko dituela azaldu zuen, produktu estatubatuarrak erosi beharko dituztela adieraziz. Gogoan izan behar da Trumpek berotze globala eta klima aldaketa ukatu dituela. Hori dela eta, Obamaren Klimarako Akzio Plana ere bertan behera utziko duela adierazi du.