argia.eus
INPRIMATU
Trumpek berriz esan du palestinarrak Gazatik kanporatu behar direla: “Zergatik nahiko lukete itzuli?”
  • Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bisitarekin batera egin ditu adierazpenak AEBetako presidenteak, Etxe Zurian. Zerrendan bizi diren 1,8 milioi palestinarrak Egipto edota Jordaniara lekualdatzea proposatu du.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 05
Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidentea Gage Skidmore (CC BY-SA 2.0)

Gazako palestinarrak euren bizilekuetatik kanporatzeko asmoa erakutsi du, beste behin, Donald Trump AEBetako presidenteak. "1,7 edo 1,8 milioi pertsona birkokatuko lirateke, leku eder batera, bizitza eder bat izango duten leku batera", aipatu zuen Trumpek asteartean Etxe Zurian, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu aldamenean zuela.

"Zergatik nahiko lukete itzuli? Txikituta dago lurraldea, infernua da" erantzun du Trumpek kazetari batek ea palestinarrak itzuli ahalko diren galdetuta. Urtarrilaren 20an kargua hartu zuenetik, AEBetako presidentearekin biltzen den lehen nazioarteko burua da Netanyahu, eta hura ere bat etorri da Trumpen proposamenarekin: "Historia alda dezakeen zerbait dela uste dut. Merezi du bide hori jorratzea". 

Besteak beste, AEBetako presidenteak Jordania edota Egipto aipatu ditu Gazatik kanporatutako palestinarrak hartzeko prest egongo liratekeen bi herrialde gisa. Bi herrialde horietako Atzerri Ministroek, ordea, astelehenean beste hainbat arabiar herrialderekin batera Trumpen proposamena gaitzetsi zuten eskutitz baten bidez.

Aurkako ahotsak

Palestinak Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak, Riyad Mansourrek, gogor kritikatu du AEBetako presidentea sare sozialetan argitaratutako bideo batean: "Gure lurraldea gure lurraldea da. Palestinarrek Gaza berreraiki nahi dute, eskolak, ospitaleak, azpiegiturak, hangoak direlako eta han bizitzea maite dutelako".