argia.eus
INPRIMATU
Trumpek %10 eta %50 arteko muga-zergak ezarriko dizkie mundu osoko herrialdeei: “Amerika berriz aberats egingo dugu”
  • Mundu osoarentzat %10eko muga-zerga globala inposatuko du Donald Trumpen administrazioak, eta hainbat herrialderen inportazioak are gehiago zergapetuko ditu, tartean Txinakoak (%34) eta EBkoak (%20). Baina Hegoalde Globaleko herrialdeak izango dira kaltetuenak: Lesoto (%50), Madagascar (%47) edo duela gutxi izandako lurrikaragatik hondamendian dagoen Myanmar (%44).

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko apirilaren 03a
Donald Trump Etxe Zurian, muga-zergen agindua sinatzeko unean. Etxe Zuria

Ponpa handiz eta tonu ia mesianikoa erabilita, Donald Trump AEBetako presidenteak ohi duen moduan iragarri du, “Askatasunaren Eguna” deitu dion Etxe Zuriko ekitaldian, amaitu dela “AEBei azken 50 urtetan egindako lapurretaren” aroa. Muga-zerga “unibertsala” iragarri du mundu osoarentzat: hemendik aurrera AEBetara euren ondasunak edo produktuak inportatu nahi dituenak %10eko zerga jasango du salbuespenik gabe, berdin du Ozeaniako irla txiki batekoa izanda ere.

Baina Trumpen oldarraldia harago joan da, eta AEBekin komertzialki “gaizki portatu” diren herrialde eta lurraldeei muga-zerga handiagoa ezarriko die. Txina da horietako bat, %34ko muga-zerga ezarriko baitio, eta lehendik ezarrita zeuzkanak gehituta %54ra iritsiko lirateke, beraz. Europar Batasuneko herrialdeak berriz %20ko muga-zergarekin zigortu ditu.

Baina muga-zerga berriekin herrialde kaltetuenak Hego Globala deituriko munduko zonalde behartsuetakoak izango dira. Esaterako, Madagaskarri %47koa inposatuko dio, Lesotori %50, Laosi %48, Vietnami %46, Bostwanari %37, edo duela gutxi lurrikara handi bat jasan duen Myanmarri %44. Txinako inbertitzaileek presentzia handia duten herrialdeak dira hain justu, eta askok asiar erraldoiaren ekoizpena kastigatzeko modu bat ikusi dute horren atzean.

Txinako inbertitzaileek presentzia handia duten Hego Globaleko herrialdeak dira, hain justu, muga-zerga handienak jasango dituztenak, eta askok asiar erraldoiaren ekoizpena kastigatzeko modu bat ikusi dute horren atzean

Taula manipulatu bat eskuan

Trumpek ekitaldian kartel handi bat erakutsi du, herrialdez herrialde erakusten duena bere ustez AEBetako produktuei ezartzen dizkieten muga-zergak zein diren, eta ondoan daude orain AEBek inposatuko dituenak, ustezko “elkarrekikotasunez”. Portzentajeetan garbi ikusten da AEBek ezarriko dituenak askoz baxuagoak direla, hala ere. “Uste dut ulertuko dutela”, esan du Etxe zuriko maizterrak. Baina adituen esanetan taulako datuak guztiz manipulatuta daude, defizit komertziala nahasi duelako muga-zergekin.

Trumpek muga-zergak justifikatzeko erakutsitako taula, ustezko portzentajeekin. Etxe Zuria

Defizit komertziala AEBek eurek sorturiko sistema ekonomikoaren ondorioa baino ez da. AEBak merkatu ireki bat izan dira eta mundu osoko ondasunak inportatu dituzte euren barne kontsumorako eta ekoizpenerako. Orain, hamarkada askotako estrategia aldatu eta protekzionismoaren aro bati ekin nahi dio herrialdea berrindustrializatzeko. Baina horrek ekar dezake AEBetan inflazioa handitu, herritarrek produktuen garestitzea nozitu eta herrialdea atzeraldian sartzea.

“Ondorio negargarriak mundu osoko milioika pertsonentzat”

Trumpek muga-zerga globalak iragarri eta berehala erreakzionatu dute mundu osoko agintariek, eta balio-merkatuetan ere nabarmena izan da eragina. Ursula Von der Leyen Europar Batzordeko presidenteak esan du ondorioak “negargarriak” izango direla “mundu osoko milioika pertsonentzat”. Europar mandatariak azaldu du AEBekin negoziatzeko prest direla, baina negoziazio horiek huts eginez gero EBek badituela tresnak muga-zerga horiei erantzuteko.

Txinak, berriz, AEBei eskatu die bertan behera uzteko muga-zergak, eta hori egin ezean, txanpon berarekin erantzungo duela.

Von der Leyen negoziatzeko prest dago. Europar Batzordea

Enteratuko gara

Oraingoz, Asiako burtsek, Nikkei indizea kasu, %3 inguruko galerekin hasi dute eguna, eta Europakoak ere beheranzko joera hartu dute, %2 galtzen ari dira albiste hau osatzeko orduan. Batez ere automobilgintzaren sektoreari loturiko multinazionalak dira galera handienak jasaten ari direnak. Izan ere, Trumpek asteazkenean iragarri du muga-zerga globalen barruan automobilgintzari %25eko espezifiko bat ezarriko diola.

Trumpek asteazkenean iragarri muga-zergen barruan, automobilgintzari %25eko muga zerga global espezifiko bat ere ezarri dio

%10eko muga-zerga globala apirilaren 5ean jarriko litzateke martxan, eta “elkarrekikotasun” muga-zerga handiagoak apirilaren 9an.

Ikusteke dago mundu mailako makro-ekonomiari nola eragingo dion Washingtonek hartu duen norabideak. Aurretik Kanadari eta Mexikori ezarritako muga-zergak indarrean jarri beharrean, horiek atzeratuz joan da Trump, beste helburu batzuetarako negoziazio tresna gisa erabiltzeko. Akaso esperantza horrekin egongo dira konpainia askotako despatxuetan. Besteok, erosketak egitera goazenean enteratuko gara.