Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.
NATOko bere europar bazkideei mehatxu egin die esanez aurrekontu militarrak handitu behar dituztela, baita BPGren %5eraino ere. 2024, adibidez, Espainiakoa BPGren %1,28 da eta Frantziarena %2,06ren bueltan. Bada, orain Donald Trumpek bere aurrekontu militarra erdira jaitsi nahi duela dio, batez ere arma nuklearretan Errusiari eta Txinari eskainitako distentzioaren bidez.
The Guardian-en irakurri daitekeenez, Trumpek proposatu die bi herrialdeei arma nuklear gehiago ez ekoiztea eta horrela ehunka milioi dolar aurreztea defentsa gastuan. “Ez daukagu zertan egin arma nuklear gehiago. Dagoeneko baditugu gehiegi. Mundua 50 edo 100 aldiz suntsitu dezakegu horiekin. Eta hemen gabiltza, gu arma nuklear gehiago egiten eta haiek ere bai”.
“Denok ari gara dirutza xahutzen eta diru hori beste gauza batzuetara bideratu ahal izango genuke, gauza produktiboagoetara”. Trumpen esanetan, “bost-sei urtetan” Txinak AEBk eta Errusiak egun duten ahalmen nuklearra eskuratuko luke. Egunen batean arma horiek indarrean jartzen badira, seguruenik “ezerezaren unea” izango da, zehaztu du.
Ekialde Erdiaren eta Ukrainaren egoerak bideratu ondoren, bi herrialdeak arma nuklearrez hitz egitera gonbidatu ditu Trumpek: “Gure aurrekontu militarra erdira jaitsiko dugu. Egin dezakegu”. Bere lehen agintaldian, Trump saiatu zen Txina erakartzen Errusiarekin sinatutako arma nuklearrak gutxitzeko New Star akordiora, baina ez zuen lortu.
Trumpek adierazi duenez, Errusia G7ra itzultzea ere nahiko luke. 2014an Errusia erakunde horretatik kanporatu zuten, Putinek Ukrainiaren inbasioa agindu ondoren.