argia.eus
INPRIMATU
Trump atxilotu dute, hauteskundeetako emaitzak faltsutzea eta talde kriminala osatzea egotzita
  • New Yerseytik Georgiako Fulton espetxera hegazkin pribatuan iritsi, fitxa poliziala egin eta 200.000 dolarreko fiantza ordainduta 20 minuturen bueltan kanpoan zen berriro. Ikusmira handia sortu du fitxa polizialak.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko abuztuaren 25
AEBtako lehendakari ohiaren polizia fitxaren argazkia / Argazkia: @realdonaldtrump (X bidez) AEBtako lehendakari ohiaren polizia fitxaren argazkia / Argazkia: @realdonaldtrump (X bidez)

200.000 dolar ordainduta aske geratu da Donald Trump AEBetako lehendakari ohia, 20 minutuz Georgiako estatuko Fulton espetxean atxilotuta egon ondoren. Hauteskunde emaitzak faltsutzea eta talde kriminal bateko kide izatea leporatu dio bertako fiskaltzak. Trumpek, ohi bezala, errugabetzat jo du bere burua “ostutako hauteskundeak” izan zirela, eta emaitzetan esku sartzeko “eskubide osoa” eduki beharko lukela argudiatuta.

Azken inputazioa estatala da, orain artekoak federalak izan dira. 2021eko urtarrilean ia ordubeteko dei batean Trumpek hauteskundeak administratzeaz arduratzen zen Brad Raffensperger mehatxatu zuen, Georgian hauteskundeak irabazteko falta zitzaizkion bozkak “aurkitzeko” esanda. Guztira, beste 18 pertsona ere inputatu dituzte, kolaborazioa egotzita.

Polizia fitxa

Sare sozialetan, batez ere X-n (Twitterren), ikusmira handia sortu du polizia fitxak, jendeak aurretik baitzekien lehendakari ohiak argazkia atera beharko zuela. Ezustekoan arrapatu ditu erabiltzaileak berak igo duenean argazkia, ondorengo esaldiekin: “Esku sartzea hauteskundeetan. Ez amore eman inoiz”. Horra argitaratu duena:

Beste inputazioak

Lehendik ere hainbat aldiz inputatu dute AEBtako lehendakari ohia, baina oraingoan lehen aldiz egin diote polizia fitxa. Dokumentu konfidentzialak gordetzeagatik, Jean Carrol idazleari sexu-abusuak egiteagatik eta Stormy Daniels aktorearekin izandako sexu-harremanak ezkutatzeko legez kanpoko ordainketak egiteagatik inputatu dute besteak beste.