AEBko John C. Coughenoiur epaileak onartu du Washington, Arizona, Illinois eta Oregon estatuek elkarrekin aurkeztutako helegitea, eta horren arabera atzera bota du Donal Trumpek AEBn jaiotako migratzaile ez legezkoen seme-alabak kanporatzeko dekretua.
Epailearen arabera, Trumpek aste honetan sinatu berri duen dekretu hori AEBko Konstituzioaren 14. artikuluaren aurkakoa da eta, beraz, behin-behinean indargabetu egin du. Artikulu horrek esaten du bertan bizi diren herritarren seme-alabek bertako herritartasuna eskuratzen dutela. Alderdi Errepublikanoak eta beste hainbat elkarte kontserbadorek hori aldatu nahi dute, beren aburuz paperik gabeko migratzaileek haien seme-alaben jaiotzak baliatzen dituztelako paperak eskuratu ahal izateko.
Dekretuak aurrera egin dezan, hortaz, bi bide daude orain: batetik errepublikanoek Kongresuan aldatu beharko lukete Konstituzioaren artikulu hori, baina horretarako ez duten gehiengo handia beharko lukete. Beste bidea da gaia Auzitegi Gorenera eramatea eta han irabaztea.
22 fiskal demokraten helegiteak
New Jersey, Kalifornia, Massachusetts, Colorado, Connecticut, Delaware, Hawai, Maine, Maryland, Michigan, Minnesota, Nevada, New Mexico, New York, Ipar Carolina, Rhode Island, Vermont eta Wisconsin estatuetako fiskaltzek ere helegitea jarri dute Trumpen dekretu horren aurka New Hampshireko Auzitegi Federalean.
Uste da herritartasunik ez duten 11-14 bat milioi migratzaile daudela AEBn, eta horietatik ia %80k bost urtetik gora daramatzatela bertan. Asteartean Trumpek horien guztien kanporatzea hasteko agindu zien Mugen eta Immigrazioaren Kontrol Zerbitzuei. Aipatu estatu horietako agintariek, ordea, uko egin diote erakunde horrekin zeregin horretan elkarlanean aritzeari, eta Trumpek izendatutako Emil Bove fiskal nagusiak gogorarazi die lege federalaren arabera behartuta daudela erakunde horrekin elkarlanean aritzera.
Trumpek tresna ugari ditu bere alde agintaldi honetan, besteak beste Kongresuaren gehiengoa, eta immigrazioaren auzi honetan haren nahiak errazteko Kongresuak ostegunean onartu zuen Laken Riley Act legea. Horren arabera, segurtasun indarrek atxilotu ahal izango dituzte delitu txikiak egiten dituzten paperik gabeko pertsonak, eta horrek erraztuko die ondoren deportatu ahal izatea.
Mexikarrak dira nagusi
AEBetan bizitzen eta lanean urteak daramatzaten arren, horietako milioika herritar kanporatuak izan daitezke datozen urteetan. Kalkulatzen da horietatik sei milioik behin-behineko baimena dutela AEBn egoteko, horietatik 2,6 milioi babes politikoaren zain dira eta beste 300.000 bat errefuxiatu onartuak, batez ere ukrainarrak eta afganiarrak.
Deportazioak nagusiki hegoamerikarrei eragingo die. Uste dute AEBetan bizi diren paperik gabeko %40 inguru mexikar jatorrikoak direla. Horiek dira komunitate migratzaile handiena, nahiz eta azken 10 urteetan migratzaile mexikarren kopurua jaitsi egin den eta, aldiz, asko handitu Venezuela eta Kolonbiatik datorrena.
Delitugileekin hasiko dira
Migratzaileak eta delitua lotzea ohikoa da xenofobian, eta Trumpen aginduetan ere ikuspegi hori deportazioari ekiteko giltza bihurtuko da. AEBko sistema judizialaren arabera, badira 425.000 bat migratzaile-delitugile, eta horiek izango dira kanporatutako lehenak. Delituak izan daitezke hilketak, droga trafikoa edo lapurreta handiak, baina baita oso delitu xumeak ere, hala nola trafiko arauei muzin egitea. Stop seinale baten aurrean ez geratzea edo gidatzeko agiri barik gidatzeak delitugile bihur zaitzake AEBn, duzun kolore eta jatorriaren arabera. Eta herrialdera legez kanpo sartu izanak ere delitugile bihurtzen du migratzailea: 2024an AEBko paperik gabekoen bigarren deliturik handiena –%18– horixe izan zen.
Oraingoan bere burua deportazioaren txapeldun egin nahi du Trumpek, baina azken urteetan ez da bera izan migratzaile gehien kanporatu izan duena. Azken hamabost urteetako deportazio handiena Barack Obamak egin zuen 2012an: 400.000 pertsona. Joe Bidenek ere 2024an 271.000tik gora kanporatu zituen.