argia.eus
INPRIMATU
Laudiokolore
“Tropikoetakoak bezain ikusgarriak agian ez, baina ederrak dira hemengo orkideak”
  • Joxe Blanco Gomez laudioarra Lamuzanaturgunea blog-aren bultzatzaile eta Laudiokolore ekimeneko kidea da. Urteak daramatzate Laudion basa landareen inguruko sentsibilizazioa eta formazioa egiten, eta maiatzean, Arraño mendiko baso orkideen inguruko jardunaldiak egin zituzten. “Blogerako bertako zuhaitzen eta basa landareen inguruan ikertzen ari ginela, basa orkideen espezie kopuru handiak harritu gintuen, eta orkidea populazioen jarraipenean zentratu gara azken urteotan”, azaldu du. Hainbat hitzaldi eta basa orkideak ikusteko bisita gidatu egin dituzte.

Garazi Zabaleta 2024ko uztailaren 01

Blancok nabarmendu duenez, sareko kideak ez dira zientzialariak, zaletuak baizik: “Punkaren munduko ‘egizu zuk zeuk’ filosofian oinarritzen gara gu, jakinminetik herriari ekarpena egin nahi diogu”. Basa landareei eta orkidea basatiei lotutako gaiak lantzeaz aparte, urteotan bestelakoak ere landu dituzte: etnobotanika, toponimia, landare inbaditzaileak, zuhaitz berezien mozketen salaketak… “Sare txiki modukoa da gurea, edonorentzako irekia dagoena”, gehitu du. Herritar zientzia egiten dute Laudiokoloreak ekimeneko kideek.

Eta, zergatik orkidea? Honela azaldu digu lore berezi horrekiko interesa: “Orkidea hitza entzutean, tropikoetan jatorri duen loradendatako lore ikusgarriarekin gogoratzen da jendea, baina orkideak kontinente guztietan daude, baita Euskal Herrian ere”. Zenbait iturriren arabera, ehun orkidea espezie inguru ditugu gurean, eta Laudioko Arraño-Lamuza eremuan bakarrik, 24 espezie identifikatzera iritsi dira. “Europako zuzentarau batek dio hamar espezie baino gehiago hazten diren eremua orkideen ‘aparteko gune’ eta lehentasuneko habitata dela”, gehitu du.

Orkideak ezagutzera emateko eta babesteko ekimenak

Giza jardueraren presioagatik Arraño mendiko orkidea basatiak arrisku egoeran zeudela ikusi zuten elkarteko kideek, eta babesteko helburuarekin, itxitura txikiak egiten aritu dira urteotan. “Laudioko Udalarekin batera hainbat ekimen burutu ditugu, babes egiturak hobetu, belar mozketak doitu, bisita gidatuak antolatu…”. Aurtengoan, berrikuntza moduan, hilabete osoko jardunaldiak egin dituzte, tartean hitzaldi, bisita eta beste hainbat ekitaldirekin. Bisitek sekulako arrakasta izan dutela nabarmendu du taldekideak, eta balorazio oso positiboa egin dute. “Udazkenean jardunaldien bigarren zatia eginen dugu”, adierazi du.

Klima larrialdiaren aurrean egoera etsigarri xamarra dela uste du Blancok, baina baita ere inoiz baino beharrezkoagoa dela aldaketak eragiteko horrelako ekimenak antolatzea: “Egungo errealitate beltzari ekimen positiboekin erantzutea ezinbestekoa dela uste dugu”.