Nova Scotiako probintzian gertatu da ezbeharra. Poliziaren auto itxurako baten barrutik aritu da ustezko hiltzailea hamabi orduz jendeari tiro eginez. Hiltzailea bera ere hilda agertu da. Tiroketa hau da Kanadak bere historia modernoan jasan duen lazgarriena.
Gabriel Wortman du izena ustezko hiltzaileak, 51 urteko dentista. Nova Scotiako Portapique herrian aurkitu dituzte hildakoen gorpu gehienak, bai eta zenbait etxe sutan. Beste herri batzuetan ere aurkitu dituzte hildakoak, tartean polizia agente bat. Larunbat gauean hasi zen erasoa eta hamabi orduz luzatu zen, igandera arte.
Kanadako Gobernuak adierazi duenez, Wortmanek sarraskia egiteko erabili zuen bere autoa poliziarena balitz bezala pintatuta. Badirudi gero autoz aldatu eta Chevrolet SUV bat gidatu duela, hau ere polizia auto baten itxura emateko prestatua. Poliziak susmagarri bakarra du, eta hamasei heriotzen erruduntzat jo du Wortman.
1989tik herrialdeak bizi izan duen masakrerik handiena dela esan du poliziak. Urte horretan hamabost emakume hil zituen gizon batek Montrealen. Erasoaren oinarrian egon daitekeen arrazoirik ez du adierazi Poliziak.