argia.eus
INPRIMATU
TroitiƱok espetxean jarraitzen du kaleratzea onartu eta hamabost egunera, kimioterapia jasotzen duen bitartean
  • “Haserrea” adierazi du Etxeratek euskal preso politikoaren egoera dela eta. Azken hamabost egun horietan lau aldiz eraman dute euskal preso politikoa ospitalera. Gaixotasun larria pairatzeagatik agindu zuen Auzitegi Nazionalak euskal preso politikoaren kaleratzea.

2021eko urtarrilaren 25a
Argazkia: eitb.eus

Kaleratze auto irmoa jaso eta hamabost egunera Estremerako espetxean (Madril, Espainia) preso dago oraindik ere Antton Troitiño euskal preso politiko donostiarra, Etxeratek ohar batean salatu duenez. Elkarteak azaldu du bi asteko tarte horretan kimioterapia jasotzera lau aldiz eraman dutela Troitiño ospitalera, “oso egoera txarrean”.

“Ez dakigu noiz askatuko duten”

Kaleratze autoa ezagutu zenetik Troitiñoren familia bi alditan bidaiatu da Estremeraraino presoa etxera eramateko asmoz, baina esku hutsik bueltatu da bietan: “Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalaren labirinto burokratikoaren ondorioz, joan den urtarrilaren 22ra arte (ostirala) ez zen irmo deklaratu urtarrilaren 11n emandako autoa, Antton Troitiñori 104.4 artikulua (3. gradua) aplikatzen ziona”.

Baina autoa irmo deklaratu ostean ere ez dute kaleratu Troitiño. Egoera korapilatu egin da Etxeratek azaldu duenez, ostiralean bertan Espainiako Espetxe Erakundeak 3. graduaren ordez euskal presoari baldintzapeko askatasuna ematea proposatu baitu. “Fiskaltzak eta epaileak ez zuten horri buruzko erabakirik hartu eta presoa espetxean jarraitzea eragin zuen. Orain ez dakigu noiz askatuko duten”

Presoen osasun eskubidea bermatu

“Haserrea” agertu du Etxeratek, besteak beste “gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan, pertsonen duintasuna errespetatzeko irizpide eta praktikarik ez dagoelako”. Gogoratu du Troitiñok gaitzaren lehen zantzuak 2020ko apirilean antzeman zituela, baina ez zuela “behar bezala zuzendutako asistentziarik” jaso irailera arte.

Espetxe administrazioari presoen osasun eskubidea berma dezala exijitu dio presoen senide eta lagunen elkarteak. Halaber, Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu die “gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 17 euskal presoen berehalako askatasuna, baita 65 urtetik gorakoena ere, preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzen dituzten bitartean”.