argia.eus
INPRIMATU
Troikak munduko aberatsei saldutako Grezia manejatu beharko du Syrizak
  • Alexis Tsiprasek lehen ministro kargua estreinatzearekin bat hasi beharko du kontuak egiten: Greziak pribatizazio uholde basatia jasan du azken urteotan eta horiek zuritzen zituzten kalkulu guztiek huts egin dute.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2015eko urtarrilaren 28a
"Salgai" dio afixeak grezieraz eta ingelesez. (Argazkia: Basta!)

Basta! magazine aurrerazalean Olivier Petitjeanek azaldu du Syrizako agintariek kudeatzeko aurkituko duten Greziaren atal ez aski ezaguna: “Grèce : milliardaires et multinationales se partagent le gâteau des privatisations” (Grezia: milionarioek eta multinazionalek partikatu dute pribatizazioen opila) artikuluan zehaztu ditu Europak ezarritako birmoldaketa basatiak Greziako herriari egindako desjabetze izugarriak.

Europako Banku Zentralak, Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Batzordeak osatutako Troika malapartatuak Atenasko gobernuarekin hitzartu zituenean estatu greziarraren erreskaterako bi itunak, herritarren klase guztietako murrizketez gain ondasun publikoen pribatizatze erabatekoa ezarri zizkion.

Petitjeanek laburbildu ditu: “Troikak pribatizatzeko izendatutako aktiboen zerrendan zeuden nabarmenki argindarra eta gasa ekoiztu, garraiatu eta banatzeko enpresa publikoak, petrolio enpresa nazionala, Atenas eta Tesalonikako ur zerbitzuak, herrialdeko aireportu guztiak, portu guztiak, autopistak, estatuaren ferrokarrilak oro, posta nazionala, eta azkenik baita loteria eta kirol apustuak ere. Eta horiek kontatu gabe milaka ondasun higiezin, tartean Castello Bibelli jaurerria, Korfun dagoena, Agios Ioanis eta Kassiopi hondartzak, hau ere Korfun, edo Agia Triadakoa, Tesalonika ondoan dena. Eta beste hainbat leku preziatu turismoarentzako”.

Troikak 2010ean kalkulatu zuen horien salmentarekin 50.000 milioi euro jasoko zituela estatu greziarrak, kanpoko zorra kitatzen laguntzeko. Geroztik errealitate egoskorrak umildu ditu kopuruok: 2013ra arte Greziak 4.000 milioi baizik ez zituen lortuak, eta horiek ere teorian, benetan kobratuak 2,6 baitziren. 2014an 7.700eko salmentak, 3.100 milioi baino ez kobratuak. 2016rako aipatzen dute 9.600 milioitara iristea… hasieran aipatuen %20.

Operazio osoaren onuradun nagusiak, Petitjeanek dioenez –Frantzia, Alemania, Errusia, Txina eta abarreko kontrata erosle handiak zerrendatu ostean– ez dira multinazional europar edo asiarrak. Irabazle nagusiak dira milioidun greziarrak. Horiek sartuta daude loteria nazionala eskuratu duen kontsortzioan, aeroportuak bereganatu dituen enpresa taldean eta abar luzea.

Alemaniarekin, europako neoliberalekin eta Troikarekin adina, pribatizatutako atal guzti horiek eskuratu dituzten multinazionalekin eta Grezia bertako oligarkiarekin borrokatu beharko du orain Alexis Tsiprasen gobernuak baldin eta lortuko badu oinezko greziarren bizimodu gogorra pittin bat goxatzea. Lan eskerga.