argia.eus
INPRIMATU
Troika eta biolentziak
  • Berrikitan Bilbon izan da Troika (ELGA, NDF, EB), bankuen eta enpresa multinazionalen ordezkariekin, hala nola Madril eta Gasteizko gobernuen exekutiba gorenekin. Horrek milaka laguneko protesta sindikal eta soziala eragin du.

Juan Mari Arregi 2014ko martxoaren 06a

Eragileok probokaziotzat hartu dute langabezia, pobrezia, prekarietatea eta gizarte-desberdintasuna eragin duen finantza eta ekonomia krisiaren arduradunak, martxoaren 3an etorri izana euskal lurretara. Manifestarien talde txiki batek biolentzia erabiltzeko hautua egin du, enpresa handietako egoitzen kontra eta hotel, lokal eta hiriko altzari zenbaiten kontra. Protesten deitzaileek ekintza horiekin loturarik ez dutela adierazi dute. Erakunde eta alderdi politikoek ez duten segundo bakarra ere itxaron gertaerak gaitzetsi eta gainerako guztiei euren gaitzespena eskatzeko.

Berriz ere biolentzia ezberdinen inguruko eztabaida azaleratu da. Kuriosoa da, biolentzia herri mugimendutik baino ez datorrenean hasten dira alderdi eta instituzioak garrasika. Eurentzat, dirudienez, Troikak inposaturiko neurri ekonomikoak ez dira biolentzia, milioika lagun langabeziara, pobreziara eta bazterkeriara jaurtitzen dituzten arren. Areago, gaitzetsi beharrean, bere ordezkariak gonbidatu, babestu, abegitsu hartu eta txalotu dituzte Bilbon. Horixe da kapitalismoaren biolentzia estrukturala. Horixe da ohiko gobernuek babesten duten biolentzia. Hori da biolentzia probokatzailea. Ez dituzte erakusleihoak hausten, ezta kaleko altzariak ere, baina soldata eta dieta milioidunak dituzten horiek jendea langabeziaz eta gosez hiltzen dute. Eurak dira biolentoak, lepazuridunak izan arren. Eta jakina, desesperantza eta haserrea sorrarazten dute. Horregatik, kaputxarik ez badaramate ere, manifestarien talde txiki batek lokal komertzialak eta kaleko altzariak erasotzearen ardura eurena da.