argia.eus
INPRIMATU
Tritioaren diplomazia

Mikel Aramendi 2023ko uztailaren 10
Langileak Fukushima Daiichi zentral nuklearrean / Argazkia: IAEA

Protestak protesta, Ozeano Barera isuriko dira, pixkanaka, ondorengo egunotan hasi eta urtetan iraun beharko duen operazioan, itsasikara batek sorrarazitako tsunamiak Fukushima Daiichi zentral nuklearrean 2011ko martxoaren 11an jazo zen hondamendiari aurre egiteko lanetan hamabi urte hauetan metatu diren erradiazioz kutsatutako urak (milioi bat metro kubiko baino gehiago). IAEAk (Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak), bere azken ikuskapenean ontzat eman du isurketa, arriskua ez omen delako hainbestekoa eta munduko ozeano handiena den horretan diluitzen joango omen delako. Kritika ugari izan da, baina erabakia hartuta dago, eta isurketarako erabiliko den kilometroko hodia ere prest. 

Erreaktore hondatuak hozteko erabilitako ur kutsatu horietan zeuden gai erradioaktibo kaltegarrienak araztu ondoren, arazo nagusia orain, diotenez, geratzen den tritioan eta karbono-14an legoke. Baina oso bereziki, lehendabizikoan. Hura araztea, ekonomikoki eta operatiboki ia ezinezkoa dela dio bertsio ofizialak; eta itsasora isurtzea, aldiz, ez dela horren arriskutsua, tritioaren semidesintegrazio periodoa aski laburra dela eta: 12 urte. Arazoa ez da makala, eta doktoreak izango ditu eliza ama santak, nik baino hobeto... 

Baina gorabeherak badu zientifikotik zerbait baina politikotik asko duen saihets bat. Isurketa printzipioz arbuiatzen duen mugimendu ekologista (Japonia bertakoa, lehenik) ez ezik, hurbileko bi herrialde, Hego Korea eta Txina, haserretu baitira biziro. Eta itsas-ingurumari hartatik letorkeen arraiki guztien inportazioa eragozteko neurriak iragarri dituzte biek, hasteko. 

Oportunismo hutsa? Ez pentsa. Edo, behintzat, ez litzateke haiena bakarrik izango. Arbuiatzaile horien zalaparta bezain adierazkorra izaten ari baita beste batzuen erabateko isiltasuna. Kanada eta Estatu Batuena, hain zuzen. 

Japoniatik oso urruti daudela biak ala biak, esango du norbaitek; baina Ozeano Bareko Ipar Itsaslasterraren norabidea eta ezaugarriak kontuan hartzen dituenak berehala ikusiko du Fukushimatik abiatzen den ur-ttantta tritioduna lehenago iritsiko dela Ipar Amerikako kostaldera, Japoniako Itsasora edo Txina Ekialdekora baino. Dozena erdi bat urte beharko dituzte Fukushimako ur zikin horiek Amerika Iparralderaino heltzeko, baina iritsiko dira. 1992ko gomazko ahatetxo haiek bezalatsu, baina batere nabarmendu gabe. Urdanetaren galeoiaren bide beretik. 

Jakin, badakite hori AEBek eta Kanadak; baina, hala ere, ez dute isurketaren aurka hitzik atera. “Indo-Pazifiko” ekimenean Japoniaren leialtasunak bazuen prezioa, nonbait.