argia.eus
INPRIMATU
Tristuraz hil?

Josune Gambra 2020ko abenduaren 17a

Gure familiaren esperientzia da. Gure amak 99 urte ditu. Ez dago COVID-19az kutsatuta. Baina hori baino zerbait larriagoa du. Tristuraz hiltzen ari zaigu. Bakardadez joaten ari zaigu.

Esaten digute konstante bitalak ondo dituela. Animoz baxu dagoela. Baina ezin izan dugu hilabetetan bisitatu. Telefonoz hitz egiteko ez da gai. Ez dugu pantaila handirik erabiltzeko modurik. Ezin gaitu ikusi. Okada eta kakalarri suabe batengatik bi egunetan isolatua egon da egoitza barruan, kutsatuta ote zegoen jakin arte. Negatiboa eman dio.

"Zahar egoitza ez da kotxe matxuratu eta zaharkituen gordelekua. Ez. Ez dugu tristuraz hil nahi. Ez dugu onartzen gure gurasoak tristuraz eta bakardadean bizitzea"

Baina sentitzen dugu tristuraz ari zaiola bere azken denbora joaten. Eta hauxe da, tristuraz eta bakardadean, hiltzeko modurik txarrena. Soporta ezina da bisitarik gabe egotea. Urgentziaz eskatu dugunean bisitak egitea, erantzuna burokratikoa izan da.

Hau oihu bat da. Zahar etxeetako egoiliarren senideen elkarte guztiak gauza bera ari dira esaten. Elkarte geriatrikoek. Sen onak. Gobernari batzuek esan esaten dute egoerarekiko sentikortasuna dutela, arazo emozional eta kognitibo gehigarriak sortzen direla, gorputz ariketak beharrezkoak direla... baina gero isolamendua ezartzen diete aiton-amonei. Langileen lan baldintzak ez dira onak, langile kopurua zeharo eskasa da, borondate eta enpatia duten langileek barne ezinegona sufritzen dute, ahaideei ateak ixten zaizkigu (ez dago arropa egokirik? Testak egiterik, neurri guztiak gordetzerik?). Atzetik datorren egoera ari gara orain sakon sufritzen. Zaharren egoera negozio bihurtu nahi dute batzuk eta gobernuek ez dute eskubidetzat hartzen atentzio duina eta kalitatezkoa… Gobernuentzat “ekonomia” da lehentasuna, hau da, aberatsen ongi-izatea.

Ez, zahar egoitza ez da kotxe matxuratu eta zaharkituen gordelekua. Ez. Ez dugu tristuraz hil nahi. Ez dugu onartzen gure gurasoak tristuraz eta bakardadean bizitzea.

* Artikulu hau Josune Gambrak eta Joseba Barriolak sinatzen dute