argia.eus
INPRIMATU
Tristezia eta haserrea Madrilgo Lavapiés auzoan Mame Mbaye kale saltzailearen heriotzagatik
  • Mantero eta Lateroen Sindikatuak kontzentrazioa deitu du ostiralerako Mame Mbayeren omenez, Madrilgo erdigunean ostegunean hil zen. Deialdiak hainbat hiritan oihartzuna izango du, eta Euskal Herrian, Iruñean kontzentrazioa deitu dute 18:00etan Navarreria plazan.

Pablo Elorduy @pelorduy El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto 2018ko martxoaren 16a
Protestak Madrilgo Lavapiés auzoan Mbaye hil ostean poliziak jazartua zela. (Sara Sda)

Lehenenik, itxaron beharra. Ondoren, haserrea haziz joan zen. Bi ordu luzez, osasun zerbitzuen eta Espainiako Poliziaren operatibo batek karpa batean izan zuten Mame Mbaye, gazte senegaldarra. 14 urte zeramatzan Madrilen bizitzen eta ostegunean hil zen Lavapiés auzoan.

Bi ordu informaziorik gabe, Mbayeren dozena bat kiderekin albisteen zain. Eta albisterik txarrena heldu zen. Sareek eman zuten. Ez zuen inongo polizia-bozeramailek edo udal-bozeramailek azaldu zergatik hil zen Mbaye arratsalde horretan Madrilgo erdigunean.

 

Baieztapenaren ostean, haserreak leher egin zuen. Hilabeteetan salatu du mantero eta lateroen kolektiboak Poliziaren jazarpena eta buroerrepresioa, argi eta garbi seinalatuz Madrilgo Udaltzaingoa. Ostegunean, martxoaren 15ean, Mbaye hil zen, lekukoek diotenez, jazarpen baten ostean. Bruselaraino joanak ziren salatzera ostegunean gertatu zena gerta zitekeela.

Itxaronaldi latzaren ostean, jabetu ondoren inork ez zuela azalpenik emango, justizia eta “hiltzaileak” oihuek Lavapiéseko kale aldapatsuak hartu zituzten. Ehorztetxeko furgonetaren eta anbulantziaren irteera liskarraren hasiera izan zen. Kale estuak arratoi-zulo bilakatu ziren.

Porra eta ezkutu-kolpeka dispertsatu zituzten inguruan zeuden 300 pertsonak. Objektuak hegan eta edukiontziak kaleetan gurutzatzen hasi ziren. Hortik aurrera, barrikada txikiak, adokin edo galtzada-harriak altxatuta, istiluak, urduritasunak eta eutsi ezineko amorrua.

Mame Mbaye. (Argazkia: Byron Maher)

Mame Mbayeren heriotzaren hurrengo egunean, erretako edukiontziekin eta banketxe batzuen kristalak hautsita esnatu da Lavapiés. Poliziak informatu du sei pertsona atxilotu dituela amorruaren gauean. Horien artean adin txikiko bat. Poliziak adierazi du dozena bat agente zauritu zirela. Beste pertsona batzuek ere zaurituta amaitu zuten gaua, baina ez da jakina ez zenbat diren, ezta beren larritasuna ere, ez baitzituzten osasun zerbitzuek artatu eta ez dute ez prentsan titularrik, ezta bertsio ofizialik ere merezi izan.

Hurrengo eguna plastiko erre usainarekin hasi da, egiaren bila. Mbaye jazarria izan zela frogatzeko lekukoak dauzkate kide eta lagunek. Udaltzaingoaren lehen bertsioak eta sare sozialetako testigantza batzuek zioten ez zela jazarria izan. Beste Polizia iturri batzuek, kasu honetan Espainiako Polizia onartzen du jazarria izan zela. Ahora Madrid alderdiaren Udal Gobernuak ardura handia dauka: auzokide baten heriotzaren ikerketa amaieraraino heltzea.

Bartzelonako manteroen sindikatuak ondorengoa idatzi du: “Madrilgo Udalak dio ikerketa azkarra abiatuko dutela. Gutxi dute ikertzeko. Justizia egingo dela diote. Nola fida gaitezke beren justiziaz? Atzerritarren Legea gisako lege diskriminatzaileak babesten dituen justizia da, pertsonak, errefuxiatuak eta etorkinak zigortzen ditu ohiko lanak egin ezinik bizitzera, sozialki baztertuz, familiak elkartzea debekatuz, estalpea eta eskubide zilegiak ukatzen ditu eta”.

Istiluak Lavapiés auzoan, Mbayeren heriotzaren ostean. (Argazkia: Sara Sda)

Martxoaren 16 ostirala tristura eta amorruarekin esnatu da. Orain bi urtetik beren aurkako jazarpena areagotzen ari dela salatzen duen Mantero eta Lateroen kolektiboak Mbayeren alde omenaldira deitu du. Besteetan gertatu bezala, egia, justizia eta erreparazioa dira horizonte bakarra Madrilgo auzokide baten heriotza ez dadin pasa, berau ekiditeko hiriak ezer egin gabe.

Kronika hau El Saltok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra. Itzulpena: Lander Arbelaitz.